gaizka izagirre
'Ekografiak'

Itzalitako pospoloa

2026ko martxoaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aitorpen bat: hiri ezezagun batean maparik gabe dabilen bidaiari galdu baten pare sentitzen naiz. Azken urteotan ETBren ekosistemaren barruan egindako izen aldaketak eta plataforma sorrerak ulertu eta haiei jarraitzeko, krokis baten beharrean nago. EITBk ETB1 On eta ETB2 estreinatu zituen martxoaren 18an, ETB1en eta ETB2ren bertsio digitalak. Kanal berriek ETB3ren eta ETB4ren tokia hartuko dute hurrenez hurren. Nafarroan, orain ETB3 ikusten den eremuetan ETB1 On ikusi ahal izango da.

Albiste hori duela egun batzuk Aldatu Gidoia taldeak zabaldutakoarekin lotzen da: salatu dute ETB3 kate konbentzionala ixteko asmoa dutela.

EITBk Makusi sortu zuen 2024ko apirilean. Horri esker, gaur egun haurrek eta gazteek euskarazko entretenimendua jasotzeko bide bat baino gehiago dute: bai telebista konbentzionalean, bai plataforma digital horren bidez. Streaming plataformen aldeko apustua egitea logikoa eta zentzuzkoa da, eta Makusiren alde egitea ere bai; baina, aldi berean, kate konbentzionala ere beharrezkoa da. ETB3k ematen zuen argia apala bazen ere, Miren Artetxek Jakin aldizkarian esan zuen moduan, «piztutako pospolo batek gehiago argitzen du piztu gabeko itsasargiak baino».

ETB3 kateak aspaldiko urteetan ikusle datu kaskarrak lortu dituela agerikoa da, baina ezin dugu ahaztu zerbitzu publiko gisa dagokion eginkizuna. Aldatu Gidoia taldeak emandako datuak argigarriak dira: Hego Euskal Herriko etxeen %40k ez dute telebista Internet bidez ikusten, baliabide tekniko faltagatik edo ohituragatik. Hortaz, taldearen esanetan, ETB3ren emisio lineala eteteak 170.000 haur eta gazteren eskubideei eragingo lieke: «Hego Euskal Herriko hamar haur eta gaztetxotik lauri ez zaie bermatuko euskararako edukietarako sarbide unibertsala». Ez dezagun ahaztu, gainera, Makusiko edukien %73 murriztuta daudela Ipar Euskal Herrian.

Jakina, estrategikoa da kontsumo ohiturei arreta jartzea eta eskari bidezko euskarazko eskaintza oparoa bermatzea. Baina horrek ez du esan nahi gaztetxoen kate konbentzionala kendu behar denik.

Euskararen normalizazioaren bidean, streaming bidezko eskaintza eta telebista lineala, biak dira ezinbesteko.

ETBk, beraz, aurrerantzean ez du izango esklusiboki haurrei begirako  telebista katerik. Euskarazko eskaintza handitzea da kontua, ez murriztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!