Sara Azurza
'Ekografiak'

Izatearen hutsunea

2026ko otsailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizitza hasten den bezala amaitzen da. Eta maitatzea, azken batean, galtzeko arriskua hartzea da. Norbait maite dugunean, badakigu egunen batean hutsune bat utziko duela. Karmele Jaiok dioen bezala: «Pertsonak ez dira bumeranak. Urruntzen direnean, ez dago bermatuta bueltatuko direnik». Maite dugun norbait mundutik joatean, ez da itzultzen. Orfeok Euridize maite du; hainbeste, non maitasunak berak eragingo dion atzera begiratzea, eta horrekin batera, behin betiko galtzea. 

Eta nola igarotzen da dolua? Nola ikasten da bizitzen falta denarekin? Hamnet filmak dramatismo bortitz eta eder batez hitz egiten du heriotzaz, doluaz eta bizitzaz; izaki material izateaz edo ezer ez izateaz: «To be or not to be, that is the question». Minaren aurrean zer geratzen zaigu? 

Agnes protagonista nagusi duela, Hamnet filmak Anne Hathawayren, William Shakespeareren emaztean oinarritutako istorioa kontatzen du. Maggie O’Farrellen eleberrian inspiratua dago, eta Agnesen eta haren familiaren kontakizuna da. Agnes belargina da, sendabelarretan eta edabe sendagarrietan aditua, etorkizuna ia naturaz gaindiko gaitasun batez ikusteko ahalmena duena. Naturarekin eta intuizioarekin lotura sakona du emakumeak, baina jakinduria horrek ez du asmatuko semearekin. Izurriteak Hamnet eramango du, eta galerak etxe osoa zatituko du. 

Gertakari horrek haurraren aita, William Shakespeare, literaturako obra handienetako bat idaztera eramango du: Hamlet. Dolua hitz bilakatuko da, minak arte forma hartuko du. Ez dago ziurtatuta kontatzen den istorio guztia egiazkoa denik; badakigu, ordea, Hamnetek 11 urte baino ez zituela hil zenean, 1596ko abuztuaren 11n lurperatu zutela, eta ia ziurra dela Shakespearek, bere antzerki konpainiarekin bidaian zegoela, ez zuela Stratfordera garaiz itzultzerik izan hiletara iristeko. 

Max Richteren musika bihotz barruraino irristatuko zaizu, eta filmak bizitzaren edertasuna erakutsiko dizu errealitate gordinetik abiatuta. Ametsez beteko zaituzte, eta ondoren, dena kenduko dizute. Hutsune horretan artearen benetako balioa sentituko duzu: haren indarra soinean jantzi, eta etxera iristean ulertuko duzu zein ezinbestekoa den emozioak berpiztea. Ez zara zinematik ongi aterako. Abisatuta zaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA