Txema Ramirez de la Psicina
Hedabide handien kontrola (eta IV)

Jabetza, lupetza eta txepetxa

2026ko uztailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Komunikabideen mundua ziztu bizian aldatzen ari da. Adimen artifizialak aldaketok esponentzialki anplifikatzeko aukera ematen du. Herritarron onerako edo txarrerako izan daitezke mudantza horiek. Hedabide handien kontrola gero eta esku urriagoetan biltzen ari da. Kapitalismoak agintzen du kasik eremu guztietan. Algoritmoak alde ilun eta opaku asko ditu. Pello Reparazek 2084an irudikatu du bere distopia autoritarioa. Ba al dago inon esperantzarako leihorik?

Ziurgabetasunaren aroa

Reuters institutuak duela aste gutxi plazaratu du bere aurtengo txostena. Komunikabideen audientziei buruzko nazioarteko ikerketarik handiena da. Munduko 48 herrialdetan egindako 100.000 inkestatan oinarritzen da. Txostenaren laburpenean, herritarren kontsumo mediatikoari buruz ari denean, ikerlariek sumatutako zenbait sentsaziok arreta pizten dute: ziurgabetasuna, antsietatea, interes eza eta zinismoa. Bai, zinismoa. Ez dut inoiz irakurri —ez dut gogoan bederen— hitz hori Reuters institutuaren urteroko txostenetan. Gero eta jende gehiagok bizkar ematen dio komunikabide tradizionalen jarioari eta motu proprio eraikitzen du bere aburua. Zein irizpiderekin? Hori beste kupeleko sagardoa da.

Datuetan zentratuta, Pello Urzelaik aipatu duen bezala (Kazetaritza ardatz buletina, 59. zenbakia), lehendik zetozen joerak berretsi egin dira: lehen aldiz, sare sozialak eta bideo plataformak izan dira informatzeko gehien erabilitako bidea (%54). Telebistaren gainetik (%52), eta hedabideetako webguneen eta aplikazioen gainetik (%51). Aldaketa, gainera, adin tarte guztietan gertatzen da.

Handikien naroa

Berresten ari den beste joera bat: komunikabideetako handikien eragina. Ez da ezer berria, baina bai kezkagarria, batik bat alternatiba sendorik ez delako ikusten. Etsipenez jokatzen da. Zerbait saihetsezina balitz bezala. Garai bateko William Randolph Hearst-i edota oraingo Rupert Murdoch-i, beste batzuk gehitu zaizkie azken urteotan: Vicent Bollore handikia Frantzian, Jeff Bezos eta Ellison familia AEBetan, Joseph Oughourlian Parisen jaiotako armeniar jatorriko handikia (Amber Capital inbertsio-funtsaren bidez Prisa talde espainiarraren akziodun nagusia, %29 inguru), gure etxeko handikiak ahaztu gabe, noski: Vocento taldeko Ibarra eta Bergaretxe familia historikoak (kasu, une honetan akziodun nagusia beste bat da: Francisco Garcia Parames inbertsio-kudeatzaile galiziarra; Espainiako Warren Buffett dela esaten dute).

Kontuak kontu eta izenak izen, handikien presentzia naroa da denean eta iritzien aniztasuna gero eta txikiagoa; eta eskuinerantz biratuta. Kontuan izan Espainiako Prisa taldean gertatzen ari dena: santxismotik aldentzen ari da. Nabarmen. Bitxia: Espainiako komunikabide eskuindarren suhartasuna eta lupetza gero eta nabarmenagoa den honetan, Prisa taldea neutroagoa azaltzen saiatzen ari da. Letorkigukeen aldaketaren beldur?

Kantauriko mitoaroa

Zorionez dena ez da beltz. Itxaropenak badu leiho eder bat gure artean. Begien aurrean daukazu, irakurle. BERRIA akaso txikia irudituko zaizu, txepetx xume bat hegazti harrapari eta erraldoiak nagusi diren kaos unibertsal honetan. Arrazoi duzu. Baina berripaper hau ez dago bakarrik. Ez da isolatuta dagoen uharte ttipi bat. Hemen «Kantauriko nodoan» (Reparaz dixit), badira hainbat komunikabide txiki zein ertain dinamika hegemonikoetatik egunero aldentzen saiatzen direnak. Komunitatea, memoria kolektiboa eta identitatea zaintzen dituzten esperientzia komunikatiboak dira. Kantauriko mitoaroa ez da distopia bat. Errealitatea da.

Komunikabideen jabetzaren kontzentrazioak ez du inoiz ezer onik ekarri: adierazpen askatasuna murriztu egiten du. Desinformazioa etengabe ari da lupetza elikatzen. Baina balioetsi dezagun —mesedez— esku artean duguna. Txepetxa Europako txoririk txikienetako bat izango da, baina kantaririk ozenenetakoa ere bai. Haren xarmak San Mames bete berri du. Birritan. Pello Reparazek Springsteen eta Rolling Stonesen markak txikitu ditu. Euskara hutsez. Zergatik ote? Jenialtasuna, nortasuna, emozioak, kalitatea eta baliabide teknikoak aliatuak izan ditu. Eta dirua.

Ikas dezagun.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA