Arantza Gutierrez Paz.
'Irratia'

Kafearekin hobeto

2025eko urriaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohetik altxatu eta berehala egiten dudan lehenengo gauza da italiarrean kafea egiten jartzea, eta, ondoren, irratia piztea. Zenbaitetan, berriz, alderantziz, oraindik esnatuta ez nagoela… Matematikan ikasi nuenez, faktoreen ordenak ez du eraginik horretan, baina bai ziurta dezaket biak lotzen ditudala egunari aurre egiteko orduan. Goiza aurreratu ahala, Bigarren Kafea etor daiteke, lasaiagoa, baina gozoa hau ere. Izan ere, berehalako gaurkotasunaren urgentziarik gabe, solasaldi pausatuan eguneko gaietan sakontzeko aukera dago, eta, horri esker, ezagutu ahal izan dut, adibidez, irailaren 30ean podcastaren eguna ospatzen dela, besteak beste; egutegian markatu beharreko efemeridea. 

Presa barik ere eskaintzen digu Iker Tubiak Berriketan aritzeko aukera. Hirugarren denboraldiari ekin dio, eta, horren berri izan genezan ziurtatzeko, e-postaren bidez zuzendu zitzaigun kazetaria BERRIAlagunoi, entzutera gonbidatuz. Gainera, berritasun batekin datorrela iragarri digu, maiztasuna handitu baitu, eta, orain, astelehenetik ostiralera aditzeko aukera dugu. Aurreko denboraldietan bezala, atal bakoitzean, momentuko mintzagai den gai baten inguruan solastatzen da BERRIAko kazetari espezialista batekin. Gonbidapena onartu nuen egunean, Israelek ilegalki okupaturiko lurraldeetan CAF egiten ari den trenbidearen inguruan aritu zen Iker Aranburu Ekonomiako arduradunarekin. Justifikatu ezina dena justifikatzeko erabilitako argudioak ezeztatu zituzten.

Kafe katilu bat da podcastaren irudia. Eta zergatik ez? Atal bakoitzak irauten duen hamabost minutu horiek aprobetxatu ahal dugu goizeko hirugarrena hartzeko, Ipar Euskal Herriko Lumi taldearen soinuez gozatzen dugularik. Badirudi hori dela beste berritasun bat; aurrekoetan, zenbait musikariren kantak tartekatzen zituen saioan. Ez da aldatu, berriz, emanaldi bakoitzean parte hartzen duten pertsonen lanaren aitortza; edizioan ari direnena, esaterako: denak emakumeak, eta ikasle ohiren bat tartean. Garrantzitsua da, nire ustez, egiletzaren berri ematen dituzten kredituak.

Ordutatik kafea hartu beharrean, garagardoa eskuan entzun dut Txapa Irratiko Beste Gu saioaren laugarren denboraldiko lehena. Horretan ere solasaldia da erabilitako generoa, lagunen arteko erregistroan. Badaude denboraldi berriari ekin dioten besteak, eta horrek agerian uzten du oraindik ere irratiaren indarra. Eta horrek, eguneroko kafeak bezala, komunikabide zahar honen ofizioa irakasten jarraitzeko indarra ematen dit. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.