Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Kaldereroak

2026ko urtarrilaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Danbor hotsak isildu dira dagoeneko Donostian eta hurrengo hitzordua Kaldereroak izango dira, baita Gipuzkoako beste zenbait herritan ere. Azken urteotan, ijito herriaren irudi estereotipatua eskaintzen duen festa horren inguruan gogoeta piztu da. Horretaz hitz egin zuten, hain zuzen ere, Antxeta Irratiak eta Kera elkarteak hilean behin emititzen duten Solasten Romi bideopodcastaren lehenengo atalean. Duela urtebetekoa bada ere, edonoiz entzuteko modukoa da Aitziber Zapirain Etxaniz, Palmira Dual Jimenez eta Ane Toledo Merinoren arteko solasaldia. Dramatismorik edo haserrerik gabe eta inor mindu nahi barik, hainbat gako mahaigaineratzen dituzte, eta argi dago kultur ohitura batzuen atzean dauden ikuskerak aldarazi behar ditugula.

Arrazismoa ez da sortu migratzaileekin, edo, hobeto esanda, azken urteotan Europan gertatzen ari den migrazio-mugimenduekin. Ijito herriak mendeetan bazterketa eta jazarpenak jasan ditu, eta, aipaturiko elkarrizketan esaten den moduan, euskaldunak diren arren, askotan jatorria ere ukatu egiten zaie. Horregatik da hain garrantzitsua eta beharrezkoa podcast hau. Orain arte egindako zortzi ataletan, ijito herria ezagutzeko aukera ematen digute erromintxelek beraiek, azaltzen baitigute zelan bizi den beren azalean, jendeak erromaniak direla ez dakitenean ere, baita zer den haientzako Apirilaren 8ko ospakizuna edo Maiatzaren 16ko Erresistentzia Erromaniaren eguna ere, edo zeintzuk diren beren erreferente literario edo kulturalak.

Euskaraz egindako podcasta da, eta horrek ez du eragozten gure hizkuntza ezagutzen ez duten pertsonek bertan parte hartzea, adibidez Madrildik etorritako Maria eta Eduardo Garcia arreba-nebei egindako elkarrizketan. Zortzigarren atalean, urtarrilaren 9an eskainitakoan, berriz, gaztelania da nagusi; hori dela-eta, euskarazko azpitituluak dituen laburpen bat eskaintzen dute.

Ez nau harritu honelako saioa Antxetan topatu izanak, argi baitago bere konpromisoa euskararekiko, feminismoarekiko eta antirrazismoarekiko, besteak beste. Eta ez legoke batere gaizki gainerako irratietan ere «kolore anitzeko» hizlariak entzutea, eta ez soilik efemeride zehatz batzuetan. Egun batean mozorrotuta zuriak ez baikara beren azalean jartzen, gainerako guztietan baztertzen baditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA