Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Kanpaina, berriz (II)

2023ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Telebista itzalita mantendu nahi dut hauteskunde kanpaina ekiditeko, baina, zoritxarrez, kanpainaren berri badut beste toki guztietan. Feijoo eta Sanchezen arteko aurrez aurrekoa ez nuen ikusi, baina Twitter irekitzean, gertatu zenaren inguruan jakin nuen. Albisteak ikusteko formatu asko ditugu jada, eta hedabide tradizionalez gain, sare sozialetan aktualitatearen berri jakin dezakegu. Informazioa lortzeko sare sozial ohikoena Twitter izaten da, baina Instagramen ere albisteak ikusteko formatu berriak sortu dira.

Ikasturtean zehar, Euskadi Irratian Etxetik atera aurretik jakin behar ditugun hiru albiste formatua sortu zuten. Formatu hori oso ona iruditu zait, eta eguna hasteko aukera aparta izan da. Azken aste hauetan faltan sumatu dut, ekainaren amaieratik ez dituztelako bideo horiek egin. Euskadi Irratiko Instagram kontuan bestelako bideoak ikusteko aukera dugu udan, baina albiste garrantzitsuenen berri izateko aukera zailagoa da orain.

Euskadi Irratiko bideoak goizean agertzen ziren Instagramen, eta eguna amaitzerako Ines Hernanden albistegia ikusteko aukera izaten da batzuetan. Egunaren amaieran titulu garrantzitsu edo harrigarriak erakusten ditu Madrilgo influencer-ak; bere umore eta aldarrikapen puntua jartzen du Instagrameko istorioetan. Informazioa edonon dagoen garai hauetan, aktualitate politikotik ihes egitea ia ezinezkoa da.

ETBk gastronomia aukeratu du udako programaziorako, eta garai honetan produktu freskoak jatea eskertzen da. Telebista itzalia dudanez, gastronomia beste toki batean bilatu dut: El comidista webguneko bideo bat jarri dut ordenagailuan. Bertan, Ines Hernand aurkitu dut gazpatxo bat kozinatzen. Hamar minutuko bideo horretan politika ez aurkitzea espero nuen, baina Hernandek, bere iraganeko lanen inguruan hitz egitean, Rita Barberarekin topo egin zuela aitortu du.

Kalera ateratzea erabaki dut. Lagun batzuekin geratu naiz kafe bat hartzeko. Madrilgo terraza batean gaude, eta bat-batean Sumarren kanpaina ekitaldi bat dugu ondoko antzokian. Jada ez dakit zer egin kanpaina honekin. Telebista itzalia dut, Internet saihestu beharko dut. Kalera ateratzen banaiz ere, politika bertan da. Telesail berri baten bila hasi beharko dut nire zorte txarra amaitu dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.