gaizka izagirre

Kaosaren erdian maisulana

2026ko urtarrilaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

HBO plataformak eta izan dituen izen aldaketek gustu txarreko txantxa dirudite. Lehenengo HBO zegoen, gero HBO Max iritsi zen. 2023an sinplifikatu nahi izan zuten, eta plataformari Max izena jarri zioten, HBO izena ezabatuz; ulertezina, kontuan hartuta izen horrek ematen ziola ospea eta izen ona. Azkenean, aldaketak espero bezala funtzionatu ez zuela egiaztatu ondoren, konpainiak atzera egin eta berriro HBO Max izena jarri zion.

Hori gutxi ez, eta, azken asteotan, sekulako zalaparta sortu duen beste albiste bat ere izan da: Netflixek Warner Bros erosi nahi omen du, HBOren jabea, eta tartean Paramount ere sartu da beste eskaintza batekin.

Eta bitartean, zoramen horren erdian iritsi da HBO Max-era 2025eko pelikularik onena: One Battle After Another. Paul Thomas Andersonek akzioa satirarekin uztartu du, thrillerra komedia beltzarekin, eta drama familiarra salaketa politikoarekin.

Iragana arakatu eta arreta Perfidian (Teyana Taylor) pertsonaian jarri ondoren, istorioa orainaldira mugitzen da, Bob Fergusoni (Leonardo DiCaprio) jarraiki. Ekintzaile ohia da eta bere iraganeko mamuen aurrean berriro jartzen da Lockjaw koronelaren itzulerarekin (Sean Penn). DiCapriok interpretazio neurritsua eta zaurgarria eskaintzen du, The Big Lebowski-ko “Dude” baten utzikeriarekin nahastuz. Sean Pennek azken urteotako gaizkilerik gogoangarrietako bat sortu du.

One Battle After Another ikuskizun bisual eta narratibo itzela da. Andersonek enkoadraketaren eta erritmo narratiboaren nagusitasun magistrala erakusten du. Jonny Greenwooden musikak, disonantzia kezkagarriak eta lirismo xarmagarriko pasarteak tartekatzen dira, eta sakontasuna eta intentsitate berezia ematen diote kontakizunari.

Filmak faxismoaz, autoritarismoaz eta arrazismoaz hitz egiten du, baina ez modu lineal edo dimentsiobakarrean; Anderson-ek aitatasuna, memoria, belaunaldien arteko arrakala eta borroka soziala ere aipatzen ditu. Filma ez da pertsonaien arteko borroka soil baten kontakizuna; herrialde baten metafora gisa funtzionatzen du, bere ideal traizionatuen eta autoritarismoaren itzal etengabearen artean borrokan dabilen nazio baten irudia marraztuz.

Zuzendaritzak, argazkigintzak, musikak, muntaketak eta antzezpenak harmonia perfektuan lan egiten dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.