Ikus-entzunezkoen munduan ere kasualitateak existitzen dira. 1999. urtean M. Night Shyamalan izeneko zuzendari gazte batek The Sixth Sense izeneko film entzutetsua estreinatu zuen, Bruce Willis protagonista zuena; eta bere amaierako sorpresak —ez dut aipatuko zein, baina honezkero The Sixth Sense ikusi ez duzuenok… dena ondo?— harrituta utzi zuen jendea. Kontua da, film hura estreinatu zen ordurako, Alejandro Amenabar izeneko beste zuzendari gazte batek The Others izeneko filmaren grabaketa ere amaitua zuela, Nicole Kidman buru; eta, elkarrizketa batean irakurri dudanez, odola izoztu egin omen zitzaion Shyamalanen filma ikusi zuenean: bere estreinatu gabeko filmaren amaierak sorpresa bertsua zekarren.
Hau jada zinemaren historiaren parte da, eta badakigu The Others filmak ere arrakasta handia izan zuela. Baina zinez uler dezaket Amenabarren dezepzioa The Sixth Sense ikusi eta plot twist harrigarri hura lapurtu ziotela sentitu zuenean.
Gauza bera gertatu zen hogei urteren ostean, 2022an, Galizian. Urte berean estreinatu ziren Rodrigo Sorogoyenek zuzendutako As Bestas film entzutetsua —zuzendariaren thrillerraren errege estatusa finkatzen lagundu zuena—, eta Rapa izeneko telesaila, Movistar Plus plataforman. Biak ala biak Galizian finkatuak, thrillerra oinarri zutenak, eta Rapa das bestas izeneko zaldi basatien ile-mozketaren tradizioaren bueltan zihardutenak. Zerk eraman ote zituen bi proiektu horiek Galiziako antzinako tradizio hori momentu berean tratatzera, batek daki. Ikus-entzunezkoaren kasualitateak.
Kalitate aldetik, Sorogoyenen filmaren parekoa ez den arren, baditu gauza interesgarriak Rapa telesailak. Javier Camara eta Monica Lopez ditu protagonista, eta lehenengoaren nahiko jarraitzaile naizen arren, esango nuke Lopezek lan honetan gehiago konkistatu nauela. Camarak ELAk kaltetutako literatura irakasle erretiratu baten papera egiten du; Lopezek, aldiz, polizia batena. Elkarrekin krimenak ikertzeko tandem bikaina osatuko dute. Telesailaren lehen denboraldia zaldien ile-mozketaren tradizioarekin lotuta dagoen arren, hurrengo biek ez dute jada horrekin zerikusirik —nabari da istorio itxi moduan sortu zutela, eta ostera, arrakastarengatik, luzatu—. Interesgarriak eta ikuserrazak dira denak, hala ere.