gaizka izagirre
'Ekografiak'

Katebegi hauskorrak

2024ko azaroaren 29a
05:00
Entzun

Silo izeneko telesailaren lehen denboraldia eman zuten 2023an; geroztik aipatzeko gogoz nengoen, eta berriki bigarrena estreinatu dutela aprobetxatuz, honatx gomendioa.

Zientzia fikziozko telesail distopiko hau gertuko etorkizun batean girotua dago. Lur planetan 10.000 pertsona inguru geratzen dira soilik bizirik eta guztiak lurpean sortu duten komunitate edo hiri moduko batean bizi dira, ehunka solairu dituen silo batean. Kanpoalde kaltegarri eta hilgarritik babesteko helburuz hartu dute erabaki hori; kanpoko ingurunea toxikoa da giza bizitzarako.

Silo horretako pertsonak arauz betetako gizarte batean bizi dira, baina arau horiek eurak babesteko sortuak diren sinesmena ezarri da. Gainera, jaiotza neurri zorrotzen menpe bizi dira, baimen berezi bati esker soilik izan ditzakete haurrak. Gizarte horren memoria kolektiboa duela 140 urte ezabatu zen; liburuak erre eta artxiboak konfiskatu zituzten. Erabat debekatuta dago erlikiak izatea, eta iraganari buruz zerbait jakin nahi izanez gero, erbesteratzeko arriskua dago. Siloaren barruan apenas dagoen kriminalitaterik: bakea, hein handi batean, mantendu egiten da. Bizitza osasungarria den arren, gezurrak ezingo dira lurperatu: gizartean ezarri den pentsamendu hori sinestea ala ez izango da seriearen gakoa.

Itxura erretrofuturista —etorkizunean girotua dago, baina badirudi iraganean izozturiko teknologia erabiltzen dutela— eta misterio zein thriller kutsua duen narrazioa ditu oinarri. Etengabe arnasten den misterio sentsazioa aurrera eramaten lagunduko dutenak pertsonaiak izango dira; guztiek ematen diote kolorea gidoiari, baina interesgarriena eta mamitsuena gertuko pertsona baten hilketari buruzko erantzunen bila dabilen Juliette ingeniaria da. Rebecca Fergusonek maisuki jokatzen du protagonistaren rola eta hura da telesailaren arima (pertsonaia eta aktorea). Tim Robbins, David Oyelowo, Will Patton, Iain Glen eta Rashida Jones  aktore ezagunek ere parte hartu dute.

Edozein gizarte mota zeinen manipulagarria den erakutsiko digu telesailak, eta batez ere zeinen katebegi hauskorrak dituen.

Zientzia fikzioa maite baduzu edota Lost, Westworld zeinThe Last of Us-en tankerako proposamenak gustuko badituzu, gozatuko duzu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.