Ez dakit azkenaldi honetan Labubu hitza zure bizitzan agertu den. Labubu ez da Afrikako tribu baten izena. Labubu da mundu mailako azken fenomenoa, aldi berean maitagarri eta beldurgarri itxura duen panpina birala.
Kasing Lung artistak sortu zuen pertsonaia hori, eta haurrentzako bere liburuetan agertu zen lehen aldiz, 2015ean. Handik urte batzuetara, Pop Mart enpresa txinatarrarekin akordio bat egin zuen marrazkilariak. Paperezko pertsonaia panpina bihurtu zen 2023an, eta, antzeko panpina batzuekin batera, The Monsters bilduma osatu.
Handik hilabeteetara, mundu mailako influencer-ek, panpina horien irudiak zabaldu zituzten, zorro garestietara lotuta. Jada prest zeuden sare sozialetan biralak bihurtzeko osagaiak. Eta handik gutxira… danba! Iaz, 400 milioi euroren salmentak izan zituen panpina horien bildumak. Eta batek daki 2025 honetan zein izango diren datuak, ez baita beste hizketagairik haur eta heldu askoren solasaldietan.
Fenomeno horrek badu bere izena ingelesez, Winner-take-all market. Hau da, irabazleak dena eskuratzen duen merkatua. Mota horretako merkatuetan, parte hartzaile edo produktu gutxi batzuek bereganatzen dituzte arrakasta eta sari edo baliabide gehienak.
Gertatzen da kirolari profesionalen kasuan; gutxi batzuek metatuko dituzte eskaintzarik handienak publizitateari dagokionez. Teknologiaren kasuan ere ohikoa da egoera. Google da, adibidez, herrialde askotan erabiltzen den bilatzaile ia bakarra. Liburuen zein musikaren industrian ere berdin. Bad Bunnyren kontzertuen sarreren salmentari erreparatzea baino ez dago. Gurean ere, beste maila batean, Barakaldoko BEC bihurtu da gure Winner-take-all market-aren isla.
Orain, zabal dezagun begirada. Azken bi urteotan, %1 aberatsenak munduko gainerako biztanleen aberastasunaren ia bikoitza metatu du. Eta langileen soldata igoerek KPIaren azpitik izaten jarraituz gero, gero eta pobreagoak bihurtzen dira herritar horiek urtez urte. Inflazioa da ezkutuko zerga. Gauzak aldatu ezean, Labubuekin jolasean ari diren haur eta gazte gehienentzat, etorkizun eskasagoa aurreikusten da.