Bizilagun izatearen kontzeptua aldatu egin da urteek aurrera egin ahala. Lehen, bizilagunak ia senide bezala tratatzen ziren. Noski, orduan ez ginen gaur egun bezala bizi, eraikinetan pilatuta, sardinak latan bezala. Gaur egun, askotan, zaila da gure bizilagunak benetan ezagutzea. Badakigu nor diren, bai, baina harremana nekez doa igogailuko elkarrizketa labur batetik harago. Olivia Wildek zuzendutako The Invite filma bizilagunek elkar ezagutzeko gonbidapen batekin hasten da, baina gauzak korapilatuz joango dira minutuek aurrera egin ahala.
Joek (Seth Rogen) eta Angelak (Olivia Wilde) goiko solairuko bizilagunak gonbidatuko dituzte afaltzera: Hawk (Edward Norton) eta Pina (Penelope Cruz). Hasieran, auzokideen arteko tentsioak baretzeko afari arrunta dirudiena ustekabeko proposamen baten agertoki bihurtuko da. Izan ere, gonbidatuek bikote trukea egitea proposatuko diete anfitrioiei. Hortik aurrera, irribarre behartuak, isilune deserosoak eta urteetan gordetako frustrazioak azaleratzen hasiko dira.
Cesc Gayren Sentimental filmaren moldaketa da The Invite, baina Wildek bere egin du istorioa. Lau pertsona, apartamentu bat eta elkarrizketa luze bat nahikoa zaizkio bikote harremanen kontraesanak azaleratzeko. Komedia gisa aurkezten den arren, umorearen atzean badago zerbait mingarriagoa: elkarrekin urteak eman ondoren bikotekidea benetan ez ezagutzearen beldurra.
Aktoreen arteko kimika da filmaren indargune nagusietako bat. Bereziki, Seth Rogenek eta Olivia Wildek bikote baten nekea eta etsipena sinesgarritasunez irudikatzen dituzte. Hala ere, zenbait unetan, elkarrizketak gehiegi luzatzen dira, eta pertsonaien kontraesanak agerikoegi bihurtzen dira. Dena den, filmak, barre eginarazteaz gain, hausnarketarako tartea ere ematen du, eta eguneroko errutinak bikote harremanak higatzeko duen gaitasuna agerian utzi.
The Invite ez da sexuari buruzko komedia hutsa. Komunikazio faltak eta esan gabeko hitzek harremanetan uzten duten arrastoaz ari da. Batzuetan, ezezagun batzuen presentzia nahikoa da bikote harreman bat astintzeko eta urteetan isildutako guztia mahai gainean jartzeko. Afari batek ez du harreman bat hondatzen, baina agerian utz dezake aspalditik hautsita zegoena.
Â