Arantza Gutierrez Paz.

Liburu planetak

2026ko urriaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Anne Carsonek jaso du Literaturako Nobel saria 2026an, eta, kronikek azpimarratzen dutenez, 125 urtean aitortza lortzen duen hemeretzigarren emakumea da. Beste hainbat arlotan bezala, literaturan ere gizonezkoen ikusgaitasunak eta ospeak agerian uzten dute genero arrakala. Eta hori murriztea eta emakume idazleei tokia ematea dira Ahots planeta podcastaren helburua 2022an Euskal Idazleen Elkartearen eta Azkue Fundazioaren arteko lankidetzan sortu zenetik. Sei denboraldi ditu dagoeneko, eta seigarren denboraldiko lehenengo atalean Miren Agur Meabek Forugh Farrokhzad poeta irandarra ekarri du, Leire Vargasek eta Garazi Albizuak gidaturiko solasaldi batean.

Euskal Herrian ekoitzitako saio edo podcast feministen inguruko artikulua idazten ari nintzela topatu nuen planeta hau, eta hortik egun batzuetara, berriz, agertu zitzaidan sare sozialetan (algoritmoa izan liteke?). Zerrenda gaurkotzen ari naiz, eta tamalez konturatzen ari naiz jarraitzen nituen batzuk desagertu direla eta beste batzuk, berriz, egitasmo konkretu batzuen inguruan, lankidetza edo kulturartekotasun programa edota laguntza-deialdien arabera sortzen eta atal batzuen bueltan urtzen direla. Ez dira, ordea, ahanzturan galtzen, hori baita podcast formatuak eskaintzen duen abantaila: Interneten geratzen dira, haizeak ez baititu soinuak ezabatzen.

Ez naiz ni izango desagerraraziko ditudanak, Esan Erranekin egin nuen bezala. Garazi eta Iratik kariñoz zuzendu didaten moduan, Basaburuko irratia bizi-bizirik dago, eta ilusioz eta maitasunez ibar osoko entzuleekin solastatzen dira egunero. Beste eduki askoren artean, euskal literaturak eta bereziki emakumeen testuek tokia dute programazioan; irratiurte hau hasteko, Ainara Urritzak hiru liburu gomendatzen dizkigu.

Literatur planeta gehiago daude euskal programazioetan, eta heldu den azkena Euskal Idazleen Elkarteak, Antxeta, Bilbo Hiria eta Naiz irratiek elkarkidetzan estreinatu duten Liburuen mintzoa da, Mikel Antzak gidatzen duena. Irratsaio klasikoaren egitura du, non hitzek protagonismo berezia izan arren musikak ere lekua duen, baita estudioetatik kanpo egindako grabazioak ere. Beraz, sagu liburu-jaleok badugu zer entzun; eta liburuen zerrenda egiten has gaitezke, adibidez, Durangora begira.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA