Beef telesailaren bigarren denboraldiaren abiapuntua antzekoa da, baina istorioa, pertsonaiak eta aktoreak desberdinak dira.
Josh Martin (Oscar Isaac) eta Lindsay Crane-Martin (Carey Mulligan) Kaliforniako country club batean bizi den eta lan egiten duen bikotea dira. Martin da luxuzko espazio horren managerra, ugazaben eta bezeroen nahien eta langileen lanaren arteko bitartekari eta arduradun moduko bat.
Ez dute seme-alabarik, eta haien arteko harremana tentsioz eta istiluz betetako lurralde bat da.
Ashley Miller (Cailee Spaeny) eta Austin Davis (Charles Melton) bikotea ere klub horretan ari da lanean, baina maila apalagoko postuetan, ia oharkabean pasatzen diren lanetan. Gau batean, Josh eta Lindsayren etxetik gertu oinez doazela, bien arteko borroka bortitz baten lekuko izango dira, eta sakelakoarekin grabatuko dute. Grabazio horrek piztuko du kontakizunaren sua.
Bigarren denboraldiak lehenengoaren minimalismo emozionala alde batera utzi, eta egitura konplexuago eta koralago baten alde egiten du. Jada ez da bi pertsonaren arteko gatazka isolatu bat, baizik eta botereak, klaseak eta desirak lotzen dituen klase-sare baten barruan harrapatutako lau pertsonaren kronika.
Sistema kapitalista batean biziraun al dezake maitasunak? Serieak iradokitzen du harremanak ez direla hausten maitasun faltagatik soilik, baizik eta gatazka ekonomikoengatik. Diruak, banatu ez ezik, pertsonaiak dinamika toxikoetan ere lotzen dituela.
Narrazioak ihes egiten dio lehen denboraldiaren moldeari, eta hor dago bere indarra, baina baita bere ahulgunea ere. Telesailaren unibertsoa zabaldu egiten da, baina bide berri horietan apur bat galdu egiten da, eta tentsioari ez zaio beti irmo eusten.
Teknikoki, ordea, ia hipnotikoa da: irudi zainduak, konposizio neurtuak. Baina batzuetan musikak presentzia gehiegizkoa du, eta irudiaren indarra estali egiten du, ikuslearengan eragin handiegia sortu nahian.
Aktoreen lana ñabarduraz betea da, perfektua, baina zaila da haiekin konektatzea. Pertsonaia gehienak krudelak eta berekoiak dira, eta etekin pertsonala lortzeko edozer egiteko prest agertzen dira.
Eta, hala ere, akatsak akats, badu zerbait berezia. Badu zerbait barruan geratzen dena. Netflixen katalogo zabal eta zaratatsuan distira iraunkor batez agertzen den pieza bat da.