gaizka izagirre
Ekografiak

Lotura baten jaiotza

2026ko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ella Rumpf eta Monia Chokri dira Des preuves d’amour (Filmin) filmeko protagonistak, Alice Douard zuzendariaren bizipen pertsonaletatik sortutako istorio hunkigarri baten ardatz. Canneseko Kritikaren Astean estreinatu eta Gijongo Zinemaldian saritua, maitasuna, familia eta identitatea ditu hizpide, baita LGBTIQ+ bikoteek gizartean eta legearen aurrean gainditu behar dituzten oztopoak ere.

Sentiberatasun handiz eta umore fin batez blaitua, filmak eguneroko bizitzako keinu txikietan aurkitzen du unibertsaltasuna. Itxuraz apala da, ia isila bere planteamenduan, baina emozioz betea. Pertsonaiei begiratzeko moduan, haien zalantzetan eta elkarri eskaintzen dizkioten keinuetan aurkitzen du bere indarra.

Celine bere lehen alabaren jaiotzaren zain dago, nahiz eta bera ez den haurdun dagoena. Hiru hilabete barru, Nadia emaztea erdituko da. Ingurukoen begiradapean eta legeak ezarritako mugen aurrean, Celinek bere lekua aldarrikatu beharko du. Desio bakarra du: jaioko den haurraren ama gisa aitortua izatea, lotura hori zalantzan jartzen duen sistema baten aurrean.

Alice Douardek komedia erromantiko garaikide eta hurbila eraikitzen du, harreman afektiboen konplexutasunean eta heldutasunak dakartzan kontraesanetan barrena. Egoera juridiko zehatz bat bizipen unibertsal bihurtzen du, maitasunaren eta amatasunaren esanahiaren inguruan galderak eginez.

Izan ere, bikote lesbiana baten barruan haurdun ez dagoen amaren bizipenari erreparatzen badio ere, pelikula ez da aldarrikapen hutsean geratzen. Askoz ere sakonagoa den auzi bati heltzen dio: nola eraikitzen eta sendotzen da lotura afektibo bat, ingurukoek edo legeak aitortzen ez badute?

Douardek bikain uztartzen ditu ziurgabetasun juridikoa eta pertsonaien hauskortasun emozionala. Kontakizunak ez du soilik eskubide baten aldeko borroka erakusten; familia baten barruan norberari dagokion lekua ez aurkitzeko beldurra ere azaleratzen du.

Des preuves d’amour film txikia da neurrian, baina handia barruan gordetzen duen horretan. Ez ditu emozioak behartzen, ezta ikusleari zer sentitu behar duen esaten ere. Utzi egiten die sentimenduei pixkanaka azaleratzen, eguneroko bizitzaren zirrikituetan. Maitasunari, amatasunari eta familia izateari buruzko ideia ederrak uzten ditu airean.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA