Gaua gauekoentzat. Muxu beltzak, horretan jardun nahi dutenentzat. Akelarre antifaxistak, Fermin Muguruzarenak. Haietan ibili zen Lide Hernando ere, eta hark Heitxi musikaria lagundu zuen Akelarre askea bideoklipa ontzeko, otsailean.
Akelarre musika taldeari buruzko dokumental bat ere estreinatu zuten Lekeitioko (Bizkaia) Euskal Zine Bileran, eta azaroaren 20tik abenduaren 14ra bitartean hemezortzi herritan baino gehiagotan emango dute. Herriz herri ari da Asisko Urmeneta ere, Sorgina, banaiz dokumentalarekin. Eta akelarre guztien artean, pantaila handian disfrutatzeko bat baldin badago, hori Paul Urkijoren Gaua filmekoa da. Zeren, bai, bada akelarre aske bat pelikula horretan, ikusgarria eta kitzikagarria, baina zinemaren sorginkeriaz harago, badu Urkijoren lanak zer azpimarratua. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astean harrera beroa izan ostean, azaroaren 14an iritsiko da areto komertzialetara.
Badu bada, zer azpimarratua Gaua-k. Gaueko istorioen txirikordatzea emakumezko pertsonaien bitartez egoki osatzen du Urkijok. Kontakizunari dagokionez, bete-betean jotzen du zuzendariak: hor daude, gehiegikeriarik gabe, indarkeria matxista, inkisizioa, tortura, gezurrak  —emakume sorginei buruz kontatzen ziren fake-ak, alegia—. Guztia istorio feminista indartsu batean, lau atal osagarriz josia, eta eszenaratze aparta duela. Efektu bereziek ere ez dute herren egiten, inolako momentutan.

Antzinako euskararekin egindako lana aipatzekoa da, Errementari eta Irati filmetan lantaldeak egin zuen moduan. Eta aktoreen artean, Yune Nogueiras protagonistak interpretazio miresgarria egiten du. Baita gainontzeko guztiek ere.
Bada, gainera, ikus-entzule gazteekin ondo konektatu dezakeen pelikula da Gaua. Erritmo bizia du, ikus-entzuleak ez du arreta galtzen inolako momentutan, eta zintaren iraupena ere neurrikoa da. Ordu eta erdi. Zertarako luzamendutan aritu?

Errementari eta Irati film luzeekin hasitako bidearen jarraipena da Gaua Urkijorentzat. Euskal Herriko istorio bat da, noski, baina mundu zabalean ondo bidaiatu dezake. Inkisizioaren ankerkeria edonon ulertzeko kontua da.
Onlyfansi buruzko telesail bat
EH Sukarra taldeak 1990eko hamarkadaren hasieran kantatzen zuen Argi ibili. «Sarritan gezurretan, ez dute ezer esaten benetan komunikabideak...Argi ibili eta burua erabili!». Egunotan kontatu du Beñat Zaldua kazetariak Gara egunkarian nola haizatzen den gezur bat eta agenda politikoa markatu, artikulu oso interesgarri batean. Delitua behin baino gehiagotan egin dutenen datuen gainean, Correo egunkariak eta PP alderdiak zabaldu duten gezurrak nola eragin duen beste batzuengan ere. Olaia Inziartek ere kantatzen du: Ibili hadi argi. Lux ibili!, nahi baduzue. Bai, Lux, badakizue Rosaliak datorren ostiralean argitara emango duen diskoa; ez ahaztu, egun berean Belek Muturrez zerura diskoa ere aterako duela. Amen.
Mojaz jantzita ageri da Rosalia diskoaren azalean, eta horrek askotariko memeak eragin ditu Alauda Ruiz de Azuaren Los Domingos filmarekin lotuta. Mainstream dira sorginak eta mojak. Hortik aurrerako interpretazioak, libre.

Zinema aretoa betea dela, bigarren aldiz ikusita, are gehiago antzematen da Ruiz de Azuak Los Domingos-en zein maisuki asmatzen duen gidoian, elkarrizketetan eta pertsonaien eraikuntzan. Lortu du Barakaldon jaiotako zinemagileak, gainera, fededunak eta ateoak pelikularekin disfrutatzen jartzea. Lortu du film benetan borobila egitea, zaurgarritasunetik eta ziurtasunik ezatik. Argi denez, datozen asteetan ere ikusle askoren hizpide izango dira filma bera eta bertako gaiak. Iritsiko zaie sariren bat ziur aski Patricia Lopez Arnaiz, Blanca Soroa eta Nagore Aranburu aktoreei ere.

Jarraitzen du, bide batez, Ruiz de Azuaren Querer telesail bikainak —Movistar Plusen ikusgai— sariak irabazten (Ondas saria, azkena). Eta jarraitzen du zinemagileak proiektu berriekin: hurrengoa Onlyfans plataformari buruzko telesail bat izango da. «Eduki erotikoak sortu eta harpidedunei zuzenean saltzen dituzten emakume horiek nola bizi diren aztertu nahi dugu», iragarri du Ruiz de Azuak. Eskemak hautsiko ditu. Ez da makala izango.
Sasoian dira Urkijo eta Ruiz de Azua, lux berezia dute istorioak kontatzeko eta zinema egiteko. Bekatu larria da haien filmak ikusi gabe gelditzea. Abisatuta zaudete.Â