gaizka izagirre
Ekografiak

M8 pantaila txikian

2024ko martxoaren 8a
05:00
Entzun

Neska judu ortodoxo gazte batek New Yorken hitzartutako ezkontza utzi eta Berlinera ihes egitea erabakitzen duen Unorthodox telesaila. Marie, bortxatu izana faltsuki salatzeaz akusatu duten nerabea, eta egiara iristeko bide bihurgunetsua egingo duten bi detektiberen benetako istorioa azaltzen duen Unbelievable paregabea. Heimebane norvegiarra: emakumezko entrenatzaile bat, gizonezkoen futbol ligan. Bizitza berregiten saiatzen den ama gazte baten zailtasunetan zentratzen den Maid. Margaret Atwood idazlearen eleberrian oinarritzen den The Handmaid’s Tale beldurgarria eta June Osborne pertsonaia aparta. Phyllis Schlafly politikari ultrakontserbadorearen bizitza oinarri duen Mrs. America. Azken urteotako emakumezko pertsonaiarik zoro, lotsagabe, suntsitzaile, berekoi, perbertitu, ziniko, kaotiko eta batez ere dibertigarriena duen Fleabag. Michaela Coel aktoreak berak jasan zuen sexu-eraso batean oinarritzen den I May Destroy You; ia gogoratzen ez duen baina gertatu zaion bortxaketa baten biktima izateak uzten duen traumari buruzko kontakizun paregabea. Kate Winslet aktore zoragarria protagonista duen Mare of Easttown; Pennsylvaniako Easttown izeneko herri txiki batean Erin McMenamin gaztearen gorpua agertzen da. Nork hil du? Zergatik? Mare Sheehan polizia bertaratu da gertatutakoa argitzeko. Minx, 70eko hamarkadan emakumeentzako lehen aldizkari erotikoa sortzeari buruzkoa…

Aipatu ditudan telesail eta pertsonaiek partekatzen duten ezaugarria agerikoa da, ezta? Topiko irreal eta matxistak pikutara bidali dituzten emakumezko pertsonaiak izateaz gain, parekidetasuna, feminismoa edota emakumeen borroka ardatz dituzten izenburuak dira. Martxoaren 8a ospatzen da gaur, baina, errealitatean, eta zoritxarrez oraindik fikzioan, emakumezkoei beren sozializazio prozesuan oso jarrera estereotipatuak inposatzen zaizkie. Pantailan ikusten ditugun emakumeengandik espero da ahultasuna, beldurra edo segurtasun falta; beraz, babesaren beharra adieraztea. Ausardia, ipuin tradizionaletan ikus daitekeen bezala, dirudienez gizonezkoen ezaugarria da soilik. Zorionez, badira erreferente diren zenbait pertsonaia eta telesail interesgarri. Hortxe dauzkazue. Gozatu eta, pantailetan ere, gora borroka feminista!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.