Inolako zalantzarik ez da fenomenoak dituen ondorio onekin: zinema aretoak bete ditu, eta ez da Torrente presidente; 36ko gerra zer izan zen islatzen du, neurri batean bederen; eta homofobiaren aurkako zeharlerro guztia ikus-entzulearengana iristen da. Eta baietz, pelikula ona dela La bola negra, ahoz aho hegan egiten jarraitzen duena. Narrazioko hiru istorioak harilkatzen ere asmatzen dutela Javier Ambrossik eta Javier Calvok. Ulergarria dela nazioartean ere gustuko izatea: Cannesen saritu zuten —hori ez da hain erraza—, eta Ameriketako Estatu Batuetako zinema aretoetan estreinatu dute. Hortaz, bai, udazken honetan ikusi beharreko pelikula horietako bat da La bola negra. Berandu, bai, dagoeneko irakurle gehienok ikusia duzue.
Luzatzen dira gustagarritasun eta gustukoa izan nahi horretan Ambrossi eta Calvo, eta 158 minutukoa bainoago, filma 128 minutukoa izan balitz ere, ez zen ezer gertatuko. Hori ere badabil ikusle askoren ahotan, eta ez arrazoi gutxirekin.

Federico Garcia Lorca gorria eta homosexuala zelako faxistek hil zutela jakina da, eta, tira, belaunaldi gazteek La bola negra-ren eraginez, Lorca gehiago irakurri eta 36ko gerrari buruz interes handiagoa izan behar badute Tiktok-eko azken influencer-aren arinkeriei buruz baino, gaizki ez. Espainiako kultur erreferentzia batekin hasita, gero aukera baldin badute 1930eko hamarkadan euskaraz idatzi zuten idazleengan begia jartzeko... hori gehiegitxo eskatzea litzateke. Baina Lorcak berak itxaropenari leihoak ixten ez zizkionez...
AEBetan Netflixen bidez egingo du plataformetarako sarbidea; Hego Euskal Herrian, berriz, Movistar Plusen jarriko dute, zinema bidea amaitzean. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan abenduaren 16an izango da estreinaldia zinema geletan.
Bi dokumental, bi begirada
Efemerideekin bat egiten dute noizbehinka fenomenoek. Eta, hain justu, Lorca faxistek hil zutenetik 90 urtera iritsi da La bola negra-rena. Eta, aldi berean, sasoi bertsuan, Espainiako TVE talde publikoak ekoitzitako bi dokumental aurkeztu dituzte: irailaren 18an, La1 kateak Lorca. Las horas perdidas estreinatu zuen —RTVE Playn ikusgai dago—. Herenegun, berriz, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako zinema areto banatan estreinatu dute La voz quebrada —denbora bat itxoin beharko da TVEn ematen duten arte—. Kaskarra lehena. Bikaina bigarrena. Hainbat arrazoirengatik.

Lorca. Las horas perdidas telebistarako dokumental klasiko bat da formaz. Edukiari dagokionez, nahikoa esanguratsuak dira lan horretako elkarrizketatuetako baten adierazpenak, Victor Fernandez kazetariarenak: «Telebista publikoak familia arteko desadostasunei egotzi die poeta eta antzerkigilearen hilketa». Dokumentalak asko jartzen du fokua Lorcaren herrikideengan eta La casa de Bernarda Alba antzezlanean; 1945era arte ez zuten estreinatu antzerki obra hori. «Lorca politika eremutik atera dute une batzuetan, eta jakina da haren konpromisoa agerikoa zela», salatu du Fernandezek. Dokumental horren digresioa funts gutxikoa da, eta elkarte memorialista batzuen kritika gogorrak eragin ditu. Edonola ere, lana trakets samarra da 36ko gerraren testuingurua ematen.
Aldiz, maitasun gutun batzuen bidez, 36ko gerraz erretratu fidagarriagoa eta zinez indartsua ematen du Manuel Menchonek zuzendutako La voz quebrada dokumentalak. Hunkigarria da oso, historia agirietan arakatzen du, eta Lorcaren ikus-entzunezko irudi berriak ere ematen ditu. Zinemarako lehergailu osatu bat ondu du Menchonek, ondotik telebistan ere fin funtzionatu dezakeen arren. Donostiako ZInemaldian aurkeztu zuen filma TVEk.

«Nik eman nahi dizut ura suarentzat, loreak zure erredurarako». Hala idazten dio Lorcak, maitasun goxoz, azken gutunean, bere azken maitaleari: Juan Ramirez de Lucas Albaceteko (Espainia) idazleari. Bien ametsa elkarrekin ihes joatea zen, Amerikara. Ramirez de Lucasek 19 urte baino ez zituela ezagutu zuten elkar, 1935ean. Altxamendu militarra egin zutenek eten zuen maitasun hura. Kontatzeko moduan asmatzen du Menchonek La voz quebrada-n, eta ikuspegi formaletik ere askoz ere hobea da Lorca. Las horas perdidas baino.
Bada Lorcaren bizitzan ertz bat, bestalde, askorik urratu nahi izan ez dena: idazlearen parte hartzea Alhambra de Granada logia masonikoan. Polizia txosten batean badator, eta La voz quebrada-k ez du ezkutatzen.
Film gehiegi 36ko gerraz? Ezta inolaz ere. Gorpuak desobiratzeko dauden bitartean, gutxi dira gerra hartaz egingo diren film, telesail eta dokumentalak.Â

Â