Zer gertatzen da herritarrek hainbeste maite duten pertsonaia publiko batek Ogasunari milioika euro zor dizkionean? Hainbat kasuren berri izan dugu azken urteotan, Messi eta Shakirarenak, besteak beste. Eta badirudi, hain miretsiak izanik, pertsonaiarekiko miresmenak pertsonaren ekintzak epaitzeko dugun gaitasuna baldintzatzen digula gehienetan.Â
Abiapuntu horretatik eraiki du Diego San Josek Celeste, Movistar Plus plataforman ikusgai dagoen telesaila, eta lehen denboraldia ezusteko ederra izan da niretzat. Sara Santano (Carmen Machi) Ogasuneko ikuskatzailea da, eta, erretiroa hartzear dagoela, bere ibilbide profesionaleko erronkarik handienari egin beharko dio aurre: Celeste abeslari mexikarrak urtebetean gutxienez 184 egun Espainian eman ote dituen ikertzeari. Hogei milioi euroko iruzurra dago jokoan.
Nola ez, Carmen Machik bikain antzezten du bere lana bizitzaren erdigunean jarri duen emakumea. Ez nintzen inoiz gelditu pentsatzen Ogasuneko ikuskatzaile batek zenbaterainoko enbarazua eragin dezakeen pertsonengan. Are gutxiago imajinatzen nuen zerga ikerketa batek pantailari hain itsatsita mantenduko ninduenik. Sei ataletan zehar, San Josek eguneroko burokrazia suspensez betetako thriller baten osagai bihurtzea lortu du.
Bereziki interesgarria iruditu zait istorioa kontatzeko aukeratutako ikuspuntua. Izan ere, telesailari izena ematen diona abeslaria bada ere, benetako protagonista fokuetatik urrun bizi den emakume arrunt bat da. Bere lanbidearen bitartez, gainera, fikzioan gutxitan jorratzen den gai bati heltzen dio telesailak, erretiroak eragin dezakeen identitate krisiari. Nor gara gure lanbidea izateari uzten diogunean?
Celestek, halaber, ospetsuekiko dugun miresmenaren inguruan hausnartzera gonbidatzen gaitu. Zergatik pizten digu hainbesteko antipatia bere lana egiten ari den ikuskatzaile batek eta hainbesteko sinpatia milioika euroko ondarea duen abeslari batek?
Telesailaren lehen denboraldia ziztu bizian ikusiko duzu, ordu erdi inguruko sei ataletan. Ezusteko ederra izan da niretzat. Izan ere, telesailaren lorpenik handiena, suspensea sortzeko duen gaitasunaz harago, normalean gaiztotzat hartzen dugun pertsonaia baten alde egitera bultzatzea da. Eta, bide batez, gure idoloak beste begi batzuekin ikusaraztea. Miresmenak ere badituelako bere mugak.
Â