gaizka izagirre
Ekografiak

Misoginia

2026ko urriaren 21a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Netflixen East of Eden telesail berria John Steinbecken eleberriarekin eta Elia Kazanek 1955ean zinemarako egin zuen lehen egokitzapenarekin alderatuz gero, esan liteke ñabardura feministagoak dituela; baina ez du lortzen jatorrizko testuaren begirada misoginotik erabat askatzea.

Kaini eta Abeli buruzko pasarte biblikoaren birformulazio hau XX. mendearen hasieran girotua dago. Emakume batek —Cathyk— bi anaiaren arteko gatazka pizten du, eta bi belaunaldi markatuko dituen istorioa abiarazten du.

Zoe Kazanek —Elia Kazanen bilobak— Cathyren (Pugh) erretratua berreraikitzen du: ez du gaizkile edo munstro soil gisa aurkezten, baizik eta inguruko mundu patriarkalak sakonki baldintzatutako emakume gisa, biktima gisa alegia. Hala ere, kontraesanez betetako telesaila da. Batetik, kontakizunaren misoginia zalantzan jartzen delako, baina bestetik, misoginia horretatik bertatik ateratzen duelako onura dramatikoa. Paradoxa da telesailak Cathy mundu patriarkal baten biktima gisa behar izatea eta, aldi berean, emakume gaizkile, erakargarri eta arriskutsu gisa mantentzea, betiko femme fatale-aren kontakizunari eustea, alegia.

Misoginia hori zuzentzen saiatzen denean ere, telesailak ez du lortzen erabat ihes egitea. Adibidez, zergatik irudikatzen da ama senik ez duen emakume bat munstro gisa, eta, aldiz, erakutsi gizon baten gabezia emozionala haren tragediaren parte izan daitekeela? Zergatik bihurtzen da amatasuna baztertzea emakumearen izaera moralaren aurkako zerbait eta gizonezkoen kasuan ez?

Formari eta aktoreen lanari dagokienez, ez dago eragozpen handirik. Telesailak distira egiten du ia alderdi guztietan, eta, beste behin ere, bereziki azpimarratzekoa da Florence Pugh aktorearen interpretazio bikaina.

Cathy izaki arriskutsu, sexual, krudel eta misteriotsu gisa aurkezten da oraindik. Aldea da orain badakigula sufritu egin zuela; haren krudelkeriaren atzean dagoen trauma ezagutzen dugu. Baina zauria azaltzeak ez du munstroaren irudia desagerrarazten.

Ñabardura berriak eman dizkioten arren, kontakizun misoginoen arrastoek oraindik ere badute lekua telesailean. Izan ere, Cathyren izaera berrinterpretatzen saiatu dira, eta hori txalotzen dut, baina telesailak ez du erabat hausten emakume sexuala eta askea mehatxu edo munstro gisa irudikatzeko tradizioa.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA