Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Murmurioa

2026ko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nola entzuten duzu musika, irakurle? Bolumena maximora igota ala laguntzeko jarrita, haizeak ekarritako soinu-murmurio baten antzera, pentsamenduak oztopatu barik? Badaude bietarako uneak, badakit, baina, irratitik denean, nik bigarren aukera nahiago dut, bai entzule moduan eta baita estudioan sartzen naizenean ere. Horregatik, bada, izugarri gustatu zait Badok atarian entzungai dagoen Murmur podcasta. Ander Mujikak sorturiko sintoniatik bertatik patxada handiz musikaren gozamenerako gonbita da saioa.

Sara Zozaiari egindako elkarrizketarekin estreinatu zuten, otsailaren 26an, eta, ostegunero atal bat argitaratzen badute ere, solasaldi musikalak eta euskal musikari buruzko nobedadeak txandakatzen dituzte. Solasaldi horietan, gonbidaturiko musikariaren azken lanaz hitz egiteaz gain, beste gai batzuk ere izaten dituzte mintzagai; esaterako, Mateo Zikuta raperoarekin musikariaren jardunaren eragin sozialaz aritu ziren. Badago motzean erantzun beharreko galdera-sorta ere, eta Belarrian murmur atalean musikari bakoitzak «belarrian aldiro izaten duen kanta» aukeratu behar izaten du euskal diskoteka oparotik. Hitzez gain, abestiek, beraz, toki nagusia izaten dute; osorik eskainita, lasai eta astiro dastatzeko.

Zer esan Gorka Erostarbe saioaren gidariaren inguruan? Musikari buruzko ezagutza nabarmentzea ez da beharrezkoa, jakina baita musikan aditua dela. Hala ere, ez du uzten ezer inprobisaziorako, eta, landutako gidoi bati esker, entzuleok berekin eramaten gaitu hasieratik agurreraino; egarri uzten gaitu Badok-en murgil gaitezen. Edo, alderantzizko bidaia egitea da ohikoena? Ataritik nabigatzen ari dela Murmur topatzen du irakurleak? Berdin dio; bidea edozein izanda ere, merezi du. Zinez.

Bada, BERRIAren euskal musikaren ataletik podcast honetan bidelagun duen Kulturaz kooperatibara ere bidaiatu dut. Sormenerako gune eta erakusleihoa den horretan egitasmo interesgarriak topatu ditut, musikarekin eta ikus-entzunezkoekin loturikoak, besteak beste. Mikrouhinak izenburuko atalak bereziki arreta eman dit, soinuarekin esperimentatzeko gunea eskaintzen baitu, bazterretik bada ere. Irratia sortu zutenetik, hitzarekin, musikarekin eta hotsekin jolasteko tresnatzat jo zuten, adibidez, italiar futuristek, La Radia manifestuan, edo, geroago, Robert Adrianek, irrati-artearen manifestuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA