Lide Hernando.
Telebista

Ñabardurak eta prismak

2024ko apirilaren 25a
05:00
Entzun

Lerrook idazten ari naizen egunean, hauteskundeen osteko astelehenean alegia, email bat iritsi zait EITBren prentsa bulegotik: gure telebista publikoak datu ikaragarriak lortu omen zituen hauteskunde gauean, 840.000 ikus-entzulek ikusi baitzuten momenturen batean edo bestean. Topa Euskal Telebistarengatik! Zehazten ez duena, ordea, BERRIAko artikulu batean topatu ahal izan dut handik minutu gutxira: «ETB2ko hauteskunde gauak %23,1eko ikusle kuota izan zuen; ETB1ekoak, %3,4koa. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako saioen artean, ETB2koa ikusi zen gehien; ondotik, La Sextakoa; hirugarrena La1koa izan zen; eta laugarrena, ETB1ekoa».

Hara: ñabardurak eta prismak, lagun. Poztekoa da, noski, zenbaketaren azken minutuetan, 21:00 eta 22:30 bitartean alegia, Euskal Telebistak %30,2ko ikusle kuota izatea, bai noski. Gutxitan lortzen ditu gure telebistak halako puntuaketarik, ez bada gizonezkoen futbol partidetan edota El Conquis-eko atalen batean. Arazoa, ordea, aspalditik arrastaka dakargun bera da: euskal jendeak, euskal hiztunak direnak barne, nahiago duela gure telebistaren gaztelaniazko katea ikusi.

Eta hori zergatik da? Akaso erru guztia ikusleari bota beharko genioke, jendea demonizatu eta telebistan informazioa euskaraz jasotzearen alde egiten ez duela salatu? Jada erosoagoa egiten zaiola albisteak gazteleraz entzutea, gauza serioez informatu nahi badu bederen? Baten bat imajina dezaket jarrera hori hartu eta hautua %100 ikus-entzulearena dela esaten; EITBk, azken finean, berdin-berdin landu baititu hauteskundeak euskaraz zein gazteleraz. Bietan dauden profesionalen eta azpiegituraren kalitatea, gainera, parekotzat jo daiteke; horretaz dudarik ez.

Baina akaso ez al da hau EITB bera, barrutik, urtez urte lantzen ari den desoreka baten fruitua? ETB1i diru iturria itoz, ikus-entzuleoi eskaintza murriztuz eta saioen kalitatea etengabe jaitsiz lortu den desatxikimendu baten ondorio? Zer da lehenago, arrautza ala oiloa?

Twitterren ere, ikusi da ETB2ko saioa jarrita zegoela EAJren guneko telebistetan. Eta beldurtu egin nau ohartzeak jada harritzen ez nauela gure telebista sortu eta maneiatzen duten horiek euren hauteskundeetan gaztelaniazko katea erabili nahiago izateak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.