Sara Azurza
Ekografiak

Nik ez dut ametsik

2026ko maiatzaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mikatza bezain mingotsa, lotsagabea bezain dibertigarria. Horrelakoxea da Movistar Plusen estreinatu berri den Se tiene que morir mucha gente telesaila. Victoria Martín umorista eta gidoilariak fikziorako jauzi erabakigarria egin du bere eleberrian oinarritutako lan horrekin.

Anna Castillo, Macarena García eta Laura Weissmahr protagonista dituela, telesailak haurtzaroko hiru lagunen istorioa kontatzen du. Hogeita hamar urte ingururekin, berriz elkartuko dira, eta topaketa horrek aspaldiko zauriak, frustrazioak eta konplizitateak azaleratuko ditu.

Barbarak (Anna Castillo) osasun mentalarekin dituen arazoen ondorioz, antsiolitikoekiko mendekotasuna du, eta edonora doala bere barneko haurrak jarraitu egiten dio, kontzientzia moduan —Sofía Oterok antzeztuta—. Etxea Macarekin partekatzen du; aktore izan nahi duen taberna-zerbitzaria da Maca, sentibera eta emozionalki mendekotasunak garatzeko erraztasuna duena. Elena, berriz, bera baino askoz zaharragoa den gizon batekin ezkonduta dago, eta betidanik amestu duen luxuzko bizimodua lortu du. Erditzeko gutxi falta zaio, ordea, eta barruan zerbaitek dena birplanteatzera bultzatzen du.

Telesailak gai ugari jorratzen ditu: antsietatea, belaunaldi arteko erresumina, adiskidetasunaren kontraesanak edota emakumeen arteko harremanen idealizazioa. Victoria Martínek berak esan bezala, «munduan dagoen gauzarik konplexuenetako bat da adiskidetasuna». «Askotan, gaizki zaudenean, zure lagunari ere gauzak gaizki joateak poztu egiten zaitu», dio. Gizakiaren alde berekoia agerian uzten duen ikuspegi horrekin batera, norbera onartzeko ezintasunaren inguruko gogoetak ere txertatzen ditu telesailak.

Hala ere, harremanen gordintasuna erakusteaz gain, protagonistek egoerei aurre egiteko eta elkarri eusteko dituzten moduak ere nabarmentzen ditu. Zerbaitekin konparatu beharko banu, The White Lotus telesaileko hirugarren denboraldiko Laurie, Jaclyn eta Kateren arteko dinamika ekarriko nuke gogora.

Azkenik, telesailaren mamia Barbarak ozen botatzen duen esaldi batean laburbil daitekeela iruditzen zait: «Yo no tengo putos sueños» (Amets puta bat ere ez dut). Bizitzan ametsak izan eta arrakasta lortzen irakatsi diguten honetan, egunerokoari garrasi ozen bat botatzera gonbidatzen gaitu.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA