Sara Azurza
Ekografiak

Nor da munstroa?

2026ko urriaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ryan Murphyren telesail bat ikusten hasten garenean, badakigu gutxi gorabehera zer aurkituko dugun: hiltzaileak, indarkeria, pertsonaia asaldagarriak eta, nola ez, odola. Baina istorioak hiltzaileen ikuspegitik kontatzen ditu, eta horixe izan da niretzat orain arte interesgarriena. Jeffrey Dahmer, Menendez anaiak eta Ed Gein ezagutu genituen lehenik, eta orain Lizzie Bordenen istorioa dugu. 

Netflixeko Monster antologiaren atal berriak XIX. mendearen amaierara garamatza. 1892an, Lizzie Bordeni aita eta amaordea aizkoraz hiltzea leporatu zioten, Massachusettsen. Epaiketan errugabetzat jo bazuten ere, haren izena Ameriketako Estatu Batuetako krimen ospetsuenen artean geratu zen. Ordutik, gertatutakoaren inguruko hipotesiak eta kondairak ugaritu dira.

Istorioak baditu telesail erakargarri baterako osagai guztiak; argitu gabeko hilketa bat, familia barruko tentsioak, sekretuak eta itxurakeriaz betetako gizartea. Gainera, oraingoan, emakume bat dago kontakizunaren erdigunean. Ikuspegi feministatik, interesgarria da Lizzie biktima, hiltzaile edo gizarte patriarkalaren aurkako figura gisa irudikatzeko aukera. Baina telesailak ez du planteamendu hori behar bezala garatzen.

Horren ordez, Murphyren ohiko gehiegikerietan murgiltzen da. Pertsonaiak karikaturatik gertu daude, elkarrizketek sinesgarritasuna galtzen dute eta eszena makabroak bata bestearen atzetik pilatzen dira. Testuinguru historikoa bigarren planoan geratzen da, eta istorioak gero eta lotura gutxiago du bere garaiko gizartearekin. Zortzi ataletan zehar, gainera, kontakizunak nekez egiten du aurrera. 

Azken ataletan, Lizzie Bordenen istorioa Aileen Wuornosenarekin lotzen da, munstroen eraikuntza sozialari eta emakume hiltzaileen inguruan sortutako mitoei buruzko hausnarketa proposatuz. Ideia interesgarria da, baina beranduegi iritsi da telesailaren hutsuneak betetzeko.

Ez da erraza benetako gertakarietan oinarritutako istorio bat kontatzea, are gutxiago egia eta kondaira bereiztea hain zaila denean. Baina fikzioak eskaintzen duen askatasuna ez da beti ondo baliatzen. Kasu honetan, misterioa argitu beharrean, odolez estaltzea erabaki dute. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA