Arantza Gutierrez.
Irratia

Pentsaraziz

2026ko irailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikasleen gaitasunen ebaluazio-frogetan agerian geratu diren emaitza txarrak direla eta, tertulietan nagusitu den iritzia da gazteek pentsamendu kritikoa eta arazoei aurre egiteko gaitasuna galdu dituztelako iritzia. Dirudienez, adimen artifizialak eta pantailek eragin zuzena izan dute eta horien erabilera handitu den heinean murriztu da hausnartzeko ahalmena. Ez naiz aditua eta ez dakit kausa-ondorio zuzena den ala hezkuntza sistematik kanpo bilatzen den aitzakia, baina jakin badakit, adibidez, filosofiak pisua galdu duela eskola-curriculumean, eta horrekin galdera batzuk erantzuteko espazioa ere galdu dela.

Galera horri aurre egiteko sortu zen Agora filosofia elkartea, baina ez soilik pentsamenduaren izenak ikasgeletara eramateko, baita plazaz plaza gizakiok ditugun galdera horiei erantzunak bilatzeko ere. Horretarako hainbat ekitaldi antolatzen dituzte Euskal Herrian zehar, horien artean kafe edo pote filosofikoak. Orain, berriz, irratira jauzi egin dute eta hilean behin Naiz Irratian Pentsatzeko Txokora gonbidatzen gaituzte.

Maitane Nerekan Umaranen gidaritzapean, ordubetez kezka edo zalantza baten inguruan aritzen dira mahaiko gonbidatuak. Aurreko ostiralean emandako lehenengo irratsaioan Pornografia desagertuko balitz, indarkeria sexuala desagertuko litzateke? izan da erantzuten saiatu diren galdera, Itsaslore Yarza, Lukene Piñeiro eta Leire Etxeberriarekin batera. Agerian utzi dute, erantzun bakarra ez dagoen bezala, gizakion kezkak ere ez direla transzendentalak izan behar, eta askotan ohikotasunean sortzen direla. Horregatik entzuleok gonbidatuta gaude itaunak planteatzera, betiere, bai ala ez erantzunik bilatzen ez badugu.

Saioaren helburua, gainera, gauden tokia gaudela (nik lanerako ibilian entzun dut) pentsaraztea da, baita beste pertsona batzuen gogoetak ekartzea ere, Listilloen Txoko-an esaterako, non antolaturiko pote filosofiko horietan sorturiko erantzun eta galdera berriak ekartzeaz gainera, Euskal Herriko pentsalarienak ere ekarriko dituzten. Bereziki, liburuetan maiz baztertu diren emakume filosofoak ekarriko dituzte, eta ez soilik uhinetara, elkarteak material didaktikoak ere eskuragai jartzen baititu, euskaraz, unibertsala ere gure hizkuntzatik begiratuta.

Proposamen interesgarria, eta ez bakarra, Naiz Irratiak beste berritasun asko iragarri baititu bere programazioaren aurkezpenean. Adi izango gara!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA