«Memoria da kontzientzia», dio Bernardo Atxagak, sendotasunez, Hannot Mintegiak zuzendutako Markak dokumentalean (2016). Gernikak 1937an jasandako bonbardaketa gogoratzen du lan horrek, eta badu bigarren parte interesgarri bat zera kontatzen duena: faxistek berariaz bonbardatu gabe utzi zutela Astra arma fabrika, eta herriko belaunaldi berriek gune autogestionatu bihurtu dutela azken hamarkadan. Oier Plaza Markak filmaren zuzendariaren ondokoa da, eta hura ere ageri da Astraz hizketan. Berriki, memoriaren errautsak astindu ditu Plazak Popel dokumental liluragarrian. Animaziozko iruditan ageri da Gernikako bonbardaketa, lehen minutuetan.
Plazaren hitzak dira hauek: «Batzuek markak borratu nahi dituzte —hori egiten zuen frankismoak, adibidez, jendea hil eta, inork ezer jakin gabe, hildakoak hobi komun batean sartuta—, eta beste batzuek, berriz, marka horiek azalarazi nahi dituzte».
Markak dokumentalean, Pablo Picassoren Gernika koadroaren erreplika ageri da halako batean. 'Guernica' Gernikara hitzak ditu behean.

Madrilen da Picassoren koadroa; 1981etik 1992ra Cason del Buen Retiro eraikinean izan zuten, eta 1992tik Reina Sofia museoan dago. Sofia Greziakoa, bai: Francisco Franco diktadoreak eta erakunde frankistek errege izendatu zuen haren senar Juan Carlos I. Borboikoa. Haien semea da orain Espainiako erregea, Felipe VI.a, eta Gernika-Lumon izan zen azaroaren 29an. Ez zuen barkamenik eskatu, eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak haren isiltasuna kritikatu zuen. Frank Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak keinu bat egin zuen, Gernikako hilerrian jarritako lore koroaren aurrean makurtuta, eta damua ahots goran adierazita biktimei eta Euskal Herriari. Bestelakoa da, ordea, Steinmeierrek eta Alemaniako Gobernuak Gazako genozidioaren inguruan duten jokabidea.
Reina Sofian dago, beraz, Picassoren Gernika. Eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi zer bururatuko, eta koadroaren aurrera eramatea Ukrainako presidente Volodimir Zelenski, zer-eta iragartzeko Espainiak 817 milioi euro «mobilizatuko» dituela Ukrainaren «defentsa indartzeko». Hau da, gerraren basakeriaren aurkako koadro baten aurrean iragarri dute armetan dirutza emango diola Espainiak Ukrainari. Azaroaren 18an gertatu zen hori. Picassok burua altxatuko balu...

Picassoren koadroaren esanahia nabarmenki hobeto ulertu zuten Alain Resinas eta Robert Hessens zinemagileek, 1949an zuzendu zuten Guernica film laburrean erakutsi moduan. Mezu antifaxistak ez dira zalantzazkoak lan horretan. Filmin plataforman ez ezik, Youtuben ere ikus daiteke.
Koadroaren barne historiara apur bat gerturatu nahi duenak, gainera, Filminen bertan du ikusgai Guillermo Logar zuzendariaren Guernica: el último exiliado labur dokumentala. Han kontatzen dute nola Espainiako Bigarren Errepublikako Gobernuak egin zion enkargua Picassori koadroa egiteko, 1937ko Parisko Nazioarteko Erakustetarako. 1939tik 1981era, berriz, New Yorkeko MOMA Arte Modernoko Museoan izan zuten. Ikuspegi erabat espainiarra du lan horrek, Gernika-Lumori eta Euskal Herriari erreferentziarik gabea ia.
Badu Picassoren Gernika-k bere hastapenean zinemarekiko lotura ere. Jose Luis Alcaine-k Cameraman aldizkarian idatzi zuen artikulu batek dioenez, koadroa guztiz inspiratuta dago A Farewell to Arms (Frank Borzage, 1932) filmaren eszena espresionista batean.

Ikuska sortako 25 film laburretatik hirugarrena: Gernika (1979). Bonbardaketa bizi izan zuten «superbibienteak» euskaraz hizketan, Pedro Oleak zuzendutako lanean. «Euskaldunok ez dugu inoiz ahaztuko zer gertatu zen apirileko egun hartan».
Azkenean Urdaibain eta Gernikan ez dute Guggenheim berririk egingo. Garai aproposagorik ezin horretara bideratu dituzten sos batzuekin Picassoren Gernika Euskal Herrira ekartzeko; lan politikoa ere beharko da, noski, ez sosak bakarrik.
Baina Picassoren koadroa gernikarrentzat behar luke, eta ez Zelenskirentzat. Bakerako da, eta ez gerrarako.