Gernikako (Bizkaia) ekitaldiaren biharamunean, Imanol Pradalesek Felipe VI.aren isiltasuna kritikatu du, ez zuelako barkamenik eskatu 1937ko bonbardaketagatik, Frank Walter Steinmeier Alemaniako presidenteak eskatu zuen bezala. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak artikulu bat idatzi du Linkedin sare sozialean, eta deitoratu Espainiak atzoko aukera baliatu ez izana. Gogorarazi du biktimak Espainiako estatuaren «aitorpen zintzo baten zain» daudela oraindik: «Euskadik sentitzen du aukera zoragarri horri pasatzen utzi izana».
Artikuluan ez du Felipe VI.aren izenik aipatu, baina, Pradalesek gogorarazi duenez, hura Gernikan egongo zela jakin zenean, zera eskatu zion Espainiako «Estatuaren ordezkaritza gorena bere gain hartzen duenari» Eusko Legebiltzarrean: keinu bat egiteko eta erakusteko Alemaniako presidenteek, Roman Herzogek gutun bidez lehenik eta Frank Walter Steinmeierrek aurrez aurre gero, «erakutsitako maila eta ikuspegi bera».
Alemaniako Estatuaren ordezkari nagusi zirenez gero, biek ala biek aitortu zuten Alemaniak erasoetan izan zuen «erantzukizun historikoa». Atzo Steinmeierrek beste urrats bat egin zuen, Gernikako hilerrian jarritako lore koroaren aurrean makurtuta eta damua biktimei eta Euskal Herriari ahoz gora adierazita. Bada, lehendakariak «txalotu, aitortu eta eskertu» egin du keinu hori, eta zera adierazi du: «Keinu horrek erakusten du oroimena eta erreparazioa preskribatzen ez duten betebeharrak direla».
Izan ere, kontrakoa uste dutenei erantzunez —besteak beste, gobernu bazkide duen Alderdi Sozialistari—, azpimarratu du ez Herzogek ez Steinmeierrek ez dutela orduko Alemania naziarekin zerikusirik baina, Estatua ordezkatzen dutenez gero, berdin-berdin hartu dutela bere gain haiei zegokien «erantzukizuna». Eta gogora ekarri du Alemaniak sarri aitortu dituela naziek eragindako kalteak, eta behin baino gehiagotan saiatu dela kaltea erreparatzen. Willy Brandten eta Angela Merkelen adierazpenak aipatu ditu adibide gisa.
«Memoriak bizikidetza eraikitzen du, eta demokrazia ere interpelatzen du. Eta hori oso gogoan izan behar dugu ordezkari instituzional guztiok, biktima guzti-guztiei zor diegulako»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria
«Espainiako Estatuaren aldetik oraindik ere espero dugun zerbait da», adierazi du. Eta azpimarratu du helburua ez dela inori «errua» botatzea, ezta «zauria berriz irekitzea» ere, baizik eta «moralarekin eta printzipioekin, erantzukizun historikoarekin eta demokraziarekiko konpromisoarekin lotura duen kontu bati» erantzutea. «Hori da estatu demokratiko batetik espero dena, ez gehiago eta ez gutxiago».
Ildo horri jarraikiz, Pradalesek adierazi du «beharrezkoa» dela frankismoaren kalteak ere aitortzea eta biktimei erreparazioa ematea. Izan ere, deitoratu du biktima horiek, Gernikako erasotik bizirik ateratako Crucita Etxabek eta Mari Karmen Agirrek bezala, «bizitza osoa» eman dutela barkamenik jaso gabe, «izugarrikeria eta sufrimendua» nork aitortuko zain. Eta salatu du «hainbat hamarkadatan basakeria horri buruz erregimenak esandako gezurrak» entzun ostean «isiltasuna» ere jasan behar izan dutela.
«Memoriak bizikidetza eraikitzen du, eta demokrazia ere interpelatzen du. Gernikan eraildako pertsona bakoitzak bazuen izen bat, jatorri bat, historia bat eta duintasun aldaezin bat. Eta hori oso gogoan izan behar dugu ordezkari instituzional guztiok, biktima guzti-guztiei zor diegulako», amaitu du.