Iruñea eta Donostia lotzen zituen Plazaola trenbidea bizikletaz edo oinez egin daitekeen bide berdea da gaur. Bizkotxeko meategiari loturiko garraioak aspaldian galdu zuen merkantziak eta pertsonak eramateko funtzioa, eta urte askotan abandonatuta egon arren, berpiztu eta udazkeneko egun epel hauetan bisitatzeko gune guztiz gomendagarri bihurtu da. Horretaz mintzo da Inma Etxarri Aralar irratiko Memoriaren trena saioaren bigarren denboraldiko estreinako atalean, eta bide ematen dit ibilbidean dauden Lekunberri eta Leitzako tokiko irratiez idazteko.
Naroa Erbiti Goienetxek Mailope eta Aralar irratiarentzat diseinaturiko logoa tokiko hedabidea bizitzen ari den gaztetze prozesuaren irudia delakoan nago. Sortu zenetik 35 urte betetzean, Martin Juanenaren ahotsa ordezkatu du Jon Urtasun gazteak, eta horrekin aldaketa batzuk sumatzen dira dagoeneko, haien artean sare sozialetan duen presentzia edo podcast batzuen nahierazko eskaintza, bideo-elkarrizketak barne, eta hori guztia betiko irratiaren nostalgikoei bizkarra eman barik, funtsean sorrerako esentzia mantentzen, eta bertatik bertara eginda izaten jarraitzen baitu, jaio den komunitatean errotuta.
Leitzan ere geltokia zuen Plazaolako trenak, eta hor dago Karrape Irratia. Astelehenetik ostiralera, goizero uhinen bidez entzuteaz gainera, emanaldien zatitxoak, elkarrizketak bereziki, podcast moduan aurki daitezke Erran.eus agerkarian. Webgune berean, Nafarroako euskal irratien beteranoena den Xorroxin ere zuzenean zein nahieran entzun daiteke, goiza eta arratsalde tarte handia betetzen duen programazioa eskaintzen baitu. Eta burdinbidetik aldendu naizenez, aurrekoekin harreman handia duten Guaixe eta Irati irratiak aipatu nahi ditut, bidean geratu ziren Esan Erran eta guztien artean osaturiko Nafarroako Irrati Euskaldunen Sarea ahaztu barik.
Irrati horietan komunikabide handiagoetan lekurik ez dituzten tokian tokiko protagonistek hitza dute, herritarrek inguru hurbila hobeto ezagutzen dute, senide eta lagunei zorion eta animo mezuak igortzen dizkiete, kirol eta kultur jarduerak ezagutzen dituzte edo kezkak azaltzen dituzte hurbileko agintariei helduko zaizkielakoan… Eta horietako guztietako lokomotorrean etxekoa den auzokoaren ahotsean, narratzaile eta aldi berean protagonista.