Sara Azurza
'Ekografiak'

Pluribus

2026ko otsailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren hilabetean sei urte beteko dira COVID-19agatik etxean itxita geratu ginenetik. Nork esango zuen pandemia bat biziko genuela? Milaka pertsona birus baten ondorioz hilko zirela? Eta horrek psikologikoki halako arrastoa utziko zigula? Sei urte igaro dira arratsaldeko zortzietan mediku eta erizainak txalotzera balkoira ateratzen ginenetik (balkoia bazenuen), sei urte maskarak egunerokoaren parte bihurtzen hasi zirenetik, eta jendearen eztulek beldurra eta susmoa eragiten zituztenetik. Ordutik hona, distopia hitzak bestelako pisua hartu du.

Testuinguru horretan iristen da Pluribus, beste birus mota batek Lurra hartzen duen kontakizuna proposatzen duen zientzia-fikziozko telesaila, Apple TV Plusen eta Movistar Plusen ikusgai dagoena. Nire lankide Gaizka Izagirreren ranking-a irakurri ondoren ikusteko nuen, eta aitortu behar dut: merezi du.

Breaking Bad telesailaren sortzaileak sinatutako proposamen honek paradoxa nagusi bat jartzen du erdigunean, eta horixe da telesaila, enigmatikoa ez ezik, benetan interesgarria ere bihurtzen duena. Lurreko biztanle ia guztiei eragiten dien eraldaketa bat gertatzen da. Baina ez Carol Sturkari (Rhea Seehorn), eleberri erromantiko arrakastatsuen idazle ziniko samarrari. Aldaketa horretatik kanpo geratzen da Carol, eta gizakia salbatzen saiatzea izango da haren helburua.

Izan ere, gizartea eraldatzen duen birus edo metamorfosi horrek gaur egun ezagutzen dugun zibilizazioa desegiten du, baina aldi berean munduko bakea ekartzen du. Gerrak amaitu dira, gatazkak desagertu egin dira, ez dago delinkuentziarik kalean, ez arrazakeriarik, ez matxismorik. Baina bake horrek badu prezio bat: denak bat dira. Kutsatutako guztiak pertsona bera dira, ez dago indibidualtasunik. Munduan hamahiru pertsona baino ez dira geratu kutsatu gabe, eta horien artean dago Carol.

Telesaila dilema moral batean murgilduta dago etengabe, eta, hala, erakusten du hondamendiaren eta paradisuaren arteko muga zein lausoa izan daitekeen. Atalak ikusi ahala, galdera berari bueltak emango dizkiozu: zer egingo zenuke zuk? Indibidualtasuna galdu bakea eta berdintasuna nagusi diren mundu batean bizitzeko, ala ezagutzen duzun gizartea berreskuratzen saiatuko zinateke?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA