urtzi urkizu

Poliziaren iragarki eskas bat

2026ko urtarrilaren 26a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
KRITIKA. 'ÍCARO: LA SEMANA EN LLAMAS'
  • Generoa. Dokumentala. 
  • Zuzendariak. Elena Garcia Cedillo eta Susana Alonso.
  • Ekoiztetxea. La Caña Brothers.
  • Iraupena. 72 minutu.
  • Non ikusi. Filmin plataforman, larunbatera arte.

Joan den astea sutan pasatu zuten Herrialde Katalanetako Filmin plataformakoek. 2022ko Ícaro: la semana en llamas (Icaro: astebete sutan) dokumentala katalogoan jarri zutela eta, askotariko kontrako erreakzioak izan ziren. Pintaketa bat ere egin zieten egoitzan bertan. Jaume Ripoll plataformako zuzendari editorialak azalpenak eman zituen, eta ondotik, Eldiario.es hedabidean esan zuen plataforma ideologikoki oso urrun dagoela dokumentalak transmititzen dituen ideietatik. Kontratu bat sinatu zutela, eta ez zirela garaiz ohartu filmak zer-nolako edukia zuen. Horrek zalantzak piztu ditu, ea plataformak sistema eraginkorra ote duen edukiak kontralatzeko. Baina nolakoa da ba dokumentala?

Liburu bati buruzko iritzia emateko, irakurri egin behar. Film bati buruz iritzia emateko, ikusi egin behar. Hain oinarrizkoa dirudi... Kontua da lanbide honetan sadomasokismo ariketetan sartu beharra dagoela batzuetan, eta ez dela irensteko erraza izan 72 minutu luzez Espainiako Poliziako hainbeste agente hizketan entzutea. Biktima rolean sartuta, hasiera-hasieratik azaldu dute zein diren supergaiztoak eta zein superonak. Ez dago beste inoren hitzik film osoan: soilik Espainiako Poliziako agenteenak. Zehatzago esanda, 2019ko udazkenean Bartzelonako kaleetan Ikaro operazioan parte hartu zuten polizienak.

Espainiako Auzitegi Gorenak hamabi buruzagi independentista zigortu zituen 2019ko urrian, sedizioagatik eta desobedientziagatik. Manifestazio, protesta eta liskar bortitzak izan ziren hurrengo egunetan, eta Espainiako Poliziak istiluen kontrako 37 talde bidali zituen Bartzelonara: 1.600 polizia armatu. Haien lana eta jarduna saritu eta zuritu baino ez du egiten dokumental honek. Ez testuinguru politikorik, ez kalearen ingurukorik, ez buruzagi independentistei jarritako zigorraren gaineko konturik. Hasierako lerro batean sententzia agerrarazten dutela alde batera utzita, ez da ezertxo ere aipatzen auziaz. Poliziak, heroi bihurtuta; are gehiago, tarte batean, egileek polizia batzuei galdetzen diete ea heroiak diren, eta haiek ezetz, noski: zegokien lana egiten baino ez omen ziren ari.

Ikus-entzunezko gisa, penagarria

Kalitate zinemagrotafikoaren ikuspegitik, dokumentalak ez du tutik balio. Amateurra dirudi, baina zentzurik txarrenean —lan amateur eder askoak badira, hor zehar—. Eta deigarria da musika zein trakets eta higuingarri dagoen erabilita filmean. Badirudi tentsio musika horrekin nolabaiteko bizitasuna eman nahi diotela kontakizunari, baina nekez pentsa daiteke dokumentalgintzan dabilen egile fin batek halakorik egin dezakeenik. Hain da eskasa emaitza... 2022koa zen lana, eta beste ezein plataformak ez du erosi nahi izan.

'Icaro: la semana en llamas' dokumentala. BERRIA
'Icaro: la semana en llamas' dokumentala. BERRIA

Egun haietako gertakarien irudietan, bestalde, deigarria da nola erabiltzen dituzten Espainiako Poliziaren helikopteroetatik hartutako irudiak. Beste eztabaida baterako emango luke aztertzeak telebista publikoetako albistegietan nola erabiltzen diren polizien irudiak. Baina dokumental honi dagokionez, argi zegoen filtrorik gabe emango zituztela Espainiako Poliziari interesatzen zaizkion irudiak. Haien iragarki luze bat baino ez baita filma. Egun haietan Espainiako Poliziak erabilitako indarkeria ere minimizatuta dago dokumentalean. Etengabe Justifikatuta, agenteen hitzen bidez. Herritarren eskubideak eta askatasunak defendatzea dagokiela, eta soilik «kaosaren erdian bakea» jartzeko jarduten dutela. Sentiberatasun osagaiak jaurtitzen dizkiote egileek dokumentalari, orduko hartan zauritu ziren bi poliziaren lekukotza txertatuta. Eta amaiera aldera, Espainiako banderaz hornituta, gertukoek polizia haiei ongietorria nola egin zieten erakutsita. 

Beste datu bat: Ícaro: la semana en llamas dokumentalaren ekoiztetxeak, La Caña Brothers-ek, ETA, el final del silencio dokumental saio lerratua ekoitzi zuen —Jon Sistiaga zen aurkezlea eta zuzendaria—.

Filma Poliziaren Jupol sindikatuaren oso gustukoa da. Horrekin ere, nahikoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA