Betidanik gustatu zait musika-dokumentalak ikustea, baina ez da hain gustagarria izaten proiektu zinematografikoz mozorrotutako publirreportaje baten aurrean esertzea. Zinema aretoetatik igaro ondoren, Disney Plus plataformara iritsi da Don’t Look Back in Anger, Oasisen Live ’25 bira jasotzen duen dokumentala. Bira horrek amaiera eman zion taldearen hamasei urteko banaketari eta, batez ere, Liam eta Noel Gallagher anaien arteko etengabeko folletoiari. Filmak entseguetako irudiak, elkarrizketak, kontzertuak eta zaleen testigantzak uztartzen ditu. Dena dago bere lekuan, baina dena dago neurtuegia.
Dokumentala atseginez ikusi eta entzuten da, hori ukaezina da. Baina marketin operazio baten sentsazioa hasieratik sumatzen da. Liam eta Noel harrigarriro neurritsu eta kontrolatuta agertzen dira elkarrizketetan. Oasisen historia ezaguna bada ere, hemen gatazkak, amorruak eta urteetako zauriek ez dute tarterik.
Horri gehitu behar zaio lekukotasunen prozesioa, Oasisen handitasuna eta haren itzuleraren garrantzi ia espirituala ziurtatzera bideratua. Adiskidetzea zoragarria da, Oasis talde garrantzitsua da eta haren abestiek esanahi handia dute jende askorentzat. Eskerrik asko azalpenagatik. Baina zeinen aspergarria eta artifiziala bihurtzen den guztia behin eta berriz gauza bera esaten hasten direnean.
Kontzertuak, gainera, estadioetako liturgia moduko batean biltzen ditu dokumentalak, komunio kolektiboko esperientzia erlijioso gisa aurkeztuta. Eta, egia esan, Oasisen kontzertu batek badu zerbait erritualetik. Baina hainbeste malko, besarkada eta berrerospenen artean, ia ez da lekurik geratzen galdera deserosoetarako, kontraesanetarako edo itzuleraren alde ilunagoa erakusteko.
Kontzertuetako irudiak dira filmeko gauzarik onena. Soinua, jendetza, abestiak, energia. Oasisen musikak oraindik duen indarrak ez du azalpenik behar. Kamerak eszenatokira begiratzen duenean, dokumentalak arnasa hartzen du eta, une batez, marketin operazioaren atzean dagoen taldeaz ahazten gara.
Don’t Look Back in Anger, pelikula-kontzertu gisa, plazerez ikusten da. Oasisen erretratu gisa, berriz, garbiegia da. Hain da agerikoa bandaren elkartzearen inguruan eraikitako operazio ekonomiko erraldoi baten parte dela, oso zaila baita filmaren emozioa eta marketinaren emozioa bereiztea.