gaizka izagirre
Ekografiak

Salba dezagun partitiboa

2026ko azaroaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Edukian pentsatu. Ideia nagusiak zerrendatu. Hitzei forma eman. Testua orraztu, azken zuzenketak egin eta e-mailez bidali. Egun batzuk geroago, hor dago, BERRIAren webgunean eta egunkarian argitaratuta, irakurlearengana iristeko prest.

Hori izaten da, labur eta azkar azalduta, tarte honetan idazten dugunon prozedura testu bat prestatzen dugunean. Baina testua bidaltzen dugunetik argitaratzen den arte, bada isilean lan eskerga egiten duen talde bat: zuzentzaileak! (Irakurri superheroien musika epikoaren laguntzaz).

Urriaren 27an Zuzentzaileen Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak bideo bat prestatu ohi du egun horren harira, zuzenketa lanetan esperientzia duten profesionalak gonbidatuta. Aurten, BERRIAko euskara taldeari eman dio horretarako aukera, eta taldeko kideek zuzenketa lanaz hitz egin dute ordu erdiko dokumental batean.

«Egunkari nazional bat egiten ari gara; beraz, berdin balio behar du Iparraldeko batentzat zein Hegoaldeko batentzat». «Jende askok pentsatzen du gu hemen ortografia zuzentzen ibiltzen garela, baina askoz gauza gehiago hartu behar dira kontuan». «Salba dezagun partitiboa!».

Horrelako esaldiekin hasten da dokumentala. Hogeita hamar minutuan, euskara taldeko zazpi kideek hizkuntzaren ñabardurak, hitzen arteko hautuak, zalantzak eta erabakiak azaltzen dituzte. Esaldi bakoitzaren atzean dagoen arreta. Baita BERRIAren estilo liburua ere, eguneroko lanaren iparrorratza.

Biziki ederra iruditu zait lan hori gertutik ezagutzea. Askotan, testu bat irakurtzen dugunean, ez gara ohartzen zenbat esku igaro diren hartatik, zenbat zalantza argitu diren, zenbat hitz neurtu diren eta zenbat aukera baztertu diren azken bertsiora iritsi aurretik.

Testuak bidaltzean ez dakigu zehazki nork zuzenduko duen. Baina badakigu gure hitzak ez direla berdin iristen esku horietatik igaro ondoren, akatsak zuzentzeaz gain, testuak hobetu eta aberastu egiten baitituzte. Batzuetan, guk esan nahi genuena hobeto esaten laguntzen digute, guk geuk ere asmatu ez dugun moduan.

Horregatik, gaurkoan, lerroen artean lanean ari diren horiei eskerrak eman nahi dizkiet. Gure testuak txukunago iristen direlako, baina baita hizkuntza bizirik, zehatz eta aberats mantentzen laguntzen dutelako ere.

Bejondeizuela!

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA