Arantza Gutierrez Paz.
Irratia

Soinu-ibilbidea

2026ko irailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Zinemaldiaren bihotzean, Kursaaleko tapiz gorrian hasi zen ibilaldia. Guau plataformaren eta Piszifaktoria ideien laborategiaren eskutik sorturiko Arrastoan podcastaren estreinaldirako gonbitari esker izan nuen audio-esperientzia berezi eta zoragarria bizitzeko aukera, eta, aitortu behar dut, nire espektatibak handiak baziren ere, bizipenak gainditu egin zituen. Oraindik sentitutako emozioa azalean, idazten ditut hitz hauek.

Irati Agirreazkuenagak eta Mikel Ayllonek ahotsa jartzen diote Donostiako hainbat tokitara eramaten gaituen kontakizunari, azken horrek idatzitako gidoi baten gainean, Alfred Hitchcocken presentziaz ohartarazten diguten bitartean. Kaskoak jarrita, Viktoria Eugenia, Gipuzkoa plaza eta Kontxa zeharkatzen ditugu eta kairaino eramaten gaituzte, inguratzen gaituzten xehetasun bakoitzean erreparatuz, eta batek baino gehiagok ezagutzen ez dituen datuak eta anekdotak azalduz, baita historiaren zertzelada batzuk ere. Dokumentazio-lan handia sumatzen da horren atzetik. Baina dena ez da hitza. Soinu-paisaia ere gozatzeko aukera dugu ibilbidean zehar, Donostiako hotsak. Hori gutxi balitz bezala, Ibon Agirre podcastaren soinu-diseinatzaileak eta Igor Arzuagak propio egin dute jatorrizko musika. Belarrietarako gozamena!

Sei atalek osatuko dute Arrastoan podcasta. Hurrengoak Bilboko Itsasadarrera eramango gaitu; Durangoko Azokan murgilduko da geroago, eta Gernikako bonbardaketara ere garraiatuko gaitu ondoren. Leku bakoitzean, gonbidatu berezi batek laguntzen ditu bi narratzaileak. Lehenengoan, Miren Gaztañaga aktorea izan zen, paseora etorri ezin izan zena Euskal Zinemaren Galaren entsegua baitzuen.

Podcasta proposaturiko ibilbidea egiten dugun bitartean entzuteko pentsatuta dago, eta hobeto belarriak osorik estali eta gainerako hotsak isilarazten dituen aurikularrak jantzita (horrela entzun nuen nik). Bakarka edo lagunduta, baina hitz egin gabe, aditzen, gozatzen… Ziurtatzen dizuet irribarrea ez zaizuela ezabatuko, bertan geunden lagunen aurpegietan frogatu ahal izan nuen bezala. Ados! Eguraldiak lagundu zuen, eta esperientzia ezin hobea izan zen.

Sofan ere entzun badaiteke ere, nire aholkua da proposaturiko tokian bertan egitea soinu-bidaia, ahal bada behintzat. Bestela, itxi begiak, eta irudikatu… Bihotzak ikusiko du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA