Badirudi Naiz Irratiak gogoeta bultzatzeko tarteak zabaldu nahi dituela, presa eta arintasunari aurre egiteko gune bareak. Duela aste batzuk, Agora elkarteko kideek Pentsatzeko Txokoan filosofia hizpide duen mahaia abian jarri zuten; aste honetan berriz, beste proposamen bat ekarri digu Yasmine Khris Maansri kazetariak, Eta orain zer?, non bizitzako gai potoloen inguruan hausnartzeko parada eskaintzen digu euskal kultur unibertsoko gonbidatu ezberdinekiko solasaldietan.Â
Dirudienez, Khris hogeita hamarreko krisian —hori balego bezala— sartu da, eta gazte izateari uzteak kezkatzen du, edo, gutxienez, orain arte baztertzen zituen galdera batzuk kaskoan sartu zaizkio, eta heldu moduan erantzun behar die: Zein da bizitzaren zentzua? Nora goaz? Nola ez erratu erabakietan? Horretarako, astelehenero, arratsaldeko 19:00etan, gonbidatu bat izango du estudioan. Iragarritakoaren arabera, zazpi emakume eta bi gizon, bakoitza bere arloan aditu edo aritua, saiatuko dira erantzunak bilatzen laguntzen.
Estreinako atalean, Nora Xalbotx psikopedagogo eta irakaslea izan du solaskide, eta haurtzaroaz mintzo dira, zergatik heldu edo zahartu ahala bizipen batzuk ahazten edo zokoratzen diren, noiz jolasteari utzi eta lotsatzen hasten garen… Biek ere txikitako oroitzapen batzuk oso presente izan dituzte solasaldian zehar, eta konpartitu dute inguruko umeen artean zaharrena edo atzerritar jatorriko familiako lehenengo europar jaioa izateak nola markatu zituen beren umezaroak, nostalgiaz eta alaitasunez gogoratzen dituztenak.Â
Hurrengo asteetarako aurreratzen diren elkarrizketatuen izenak ez ezik, Hamaika Telebistan kazetariak Esker onez izeneko saioan egindako solasaldiak podcast honen arrakasta bermatzeko aurrekariak dira, Youtuben egun gutxitan lorturiko bisitek agerian uzten duten moduan. Izan ere, gero eta entzule gehiagok bilatzen dituzte presa eta zarataz beteriko gizartean topatzen ez dituzten gelditu eta hausnartzeko gune bareak.Â
Baina bat dut nik, ordea: ugaritzen ari diren elkarrizketa-podcast horietan hitza ez den mintzaira baztertzeko joera dago eta, adibidez, ez dute sarrera-kareta edo sintoniarik, edo, ideia batzuk barneratzen laguntzen duen musikaren kontrapunturik. Â
Â