Duela hilabete batzuk, zenbait pertsona ezagunek, komunikabidek, enpresak eta erakundek X utzi zutela iragarri zuten, Elon Musken sareak ultraeskuinerantz hartutako bilakaeragatik. Fidebertsoan topatu zuten alternatiba, Mastodon edo Bluesky kasurako. Azken hileotan, berriz, No music for Genocide-k, eta Musikariak Palestinarekin plataformak gurean, Spotifyri boikota egiteko deia zabaldu dute, haren jabeak, Daniel Ek, diru-inbertsio handia egin duelako enpresa batean, zeina AA garatzen duen Gazan Israel egiten ari den sarraskiarekin loturiko helburu militarrerako .
Horren harira, Nahia Novok, Bilbo Hiria irratiko Norbait hil da hemen musika saioa egiten duen kazetariak, Spotify bera hil dela aldarrikatu zuen denboraldiaren lehenengo emanaldian, eta iragarri zuen, kontraesanak kontraesan, saioan jartzen dituen abestien zerrendak egiteko ere ez duela erabiliko. Lide Hernandok, berriz, Naiz irratian gidatzen duen Ad Libitum saioan kanpainaz hitz egiteaz gainera, jakinarazi zuen astearteko emanaldian programaturiko musikariek streaming plataforma uzteko konpromisoa hartu dutela.
Musika ez ezik, podcastak ere aurkitzen baititugu Spotifyn. Audientzia ikerketek agerian uzten dute plataforma horren nagusitasuna Interneten, irratsaioak aditzeko euskarri gisa. Beste alde batetik, audio ekoizleek —profesional zein afizionatuek— beren saioak hainbat plataformatara igotzen dituzte, entzule kopuru ahalik eta handienera heltzeko asmoz. Aitortzen dut nik neuk ikasleei irakasten diedala zein erraza den horrelako plataforma batean egin duten grabaketa eskuragarri jartzea, atzean dagoenaz askorik hausnartu gabe.
Banago komunikazio- eta teknologia-enpresa erraldoiek doako aukerak eskaintzen dizkigutenean, eta haiek ezarritako joko arauak onartzen ditugun bakoitzean, deabruari gure izana saltzen diogula. Duela hilabete batzuk zutabe honetara ekarri nuen gogoeta, fedibertsoak eskaintzen duen aukera, Baleafunk kasurako, erabiltzeko hautua egin zuen irratsaio baten harira. Ez da erabaki erraza, eta baten batek erantzungo dit horrela hasiz gero dena kolokan jarri beharko dugula. Baliteke. Dena den, orain baditugu 70.000 arrazoi baino gehiago musika ez ezik, podcastak ere Spotifytik ateratzeko. Ez dugu genozidioa geldituko, baina urrats txiki horiek guztiak beharrezkoak dira.