Isiltasunak ez ditu haurrak babesten. Ezta gutxiago ere. Tabu deritzegun gaiei ez ikusia egiteak babesgabe uzten ditu. Horregatik da hain garrantzitsua helduek ahalik eta informazio gehien jartzea haurren eskura, haien adinerako egokia den modu batean eta ulergarria zaien hizkera erabiliz betiere. Haiekin batera gogoeta egitea, alegia. Eta asmo horretan laguntza handikoak izan daitezke Ttarttalo argitaletxearen hiru nobedade, haur eta gazteei zuzendutako hiru liburu gomendagarri:
'Horrelakoa da heriotza?'
Azal gogorreko edizio polit batean, Ellen Duthiek eta Anna Juan Cantavellak erantzun eman diete munduko hainbat lekutan bizi diren 5 eta 15 urte bitarteko haur eta gaztetxoek heriotzaren gainean planteatutako 38 galderari. Eta espero izatekoa zenez, badira galdera sakonak —Zer zentzu du bizitzak hil behar badugu?—, eta xaloagoak ‒—Eta hiltzen banaiz, zer gertatuko da nire kontsolarekin?—. Helduen egitekoa ez da irakurtzea soilik, baizik eta irakurritakoa komentatzea, zalantzak argitzea eta haurrari hausnarraraztea. Horretan datza, hain zuzen, obraren balioa.
Inork ez dezala pentsa, bestalde, giza heriotzaz jarduteagatik erantzunen tonua serioa edo tristea denik. Inola ere ez. Alde horretatik, egon lasai, ez baita haurrik traumatizatuko liburu hau irakurrita. Aitzitik, litekeena da aurpegian irribarretxo bat agertzea askori, heldu zein haurrei. Izan ere, heriotzaren gaiari naturaltasunez heltzen zaio. Zintzoki, baina dramatismorik gabe. Beharrezko azalpen guztiak emanda, egiari izkin egin gabe, baina jostalari eta umoretsu. Adibide eta ilustrazio dibertigarri ugariren laguntzaz.
Azken batean, gizakiok heriotzari ihes egiterik ez badugu, zertarako alferrik kezkatu? Hobe genuke denok, ez bakarrik haurrek, heriotza (eta bizitza bera) hain serio ez hartu.
Eta tabu oro atzean uzteaz ari garela, ezin ditut aipatu gabe utzi Ttarttalo etxeak Sexu Heziketa bildumaren barruan argitaratutako azken bi nobedadeak.
'Zure gorputza mundiala da'
Titulu hau laster nerabezaroak jo eta astindu egingo dituen neska gazteei zuzenduta dago. Marta eta Cristina Torron ahizpek gazteen hizkera darabilte, gorputzarekin lotuta, sexu-gaien dibulgazioa egiteko: emakumezkoen sexu-organoak, lehen sexu-harremanak, orgasmoa, osasuna, sexu-abusuen prebentzioa... Hala, funtsezko informazioa eta azalpen argiak ematen dituzte lotsa-izpirik gabe (ez lotsagabeki, ordea). Ez nuen gutxiago espero «Kaixo, zure alua naiz!» esaldiaz hasten den obra honetan. Are gehiago, liburu osoan zehar, hamaika irudi eta azalpen grafikoren ondoan, ezin konta ahala alu ezberdinen marrazkiak ageri dira, emakumeen sexu-askatasunaren sinbolo. Haietako bat, narratzailea bera.
Ondo pentsatuta, nekez aurki dezake helduen mundura sartzera doan neska batek liburu ahalduntzaileagorik, hain da boteretsua barruan gorde duen informazioa.
'Pornorik? Ez, eskerrik asko'
Anna Salvia eta Cristina Torronen liburu hau nerabezaroaren aldi nahasi bezain zirraragarrira salto egitera doazen gazteei zuzentzen zaie, neska zein mutilei. Aurreko tituluaren estetika erakargarri berari eusten dio: marrazki koloretsuak, tipografia eta letra-tamaina ezberdinetako pasarteak, orrialde osoko eskema argigarriak... Eta Sexu Heziketa bildumaren bereizgarri denez, pornoari buruzko azalpenak estilo informal eta konplize xamar batean emanak daude, edozein gaztek ulertzeko moduko hizkera erabiliz.
Kasu honetan, narratzailea Ed Sex da, sexu-hezitzaile bat, etorkizunetik etorria egungo gazteei pornoaren arriskuez ohartarazteko. Asko sinplifikatuta, esan genezake obra hau pornoari ezetz esateko arrazoien segida bat dela, horietako asko aurkako kontzeptu bikotetan antolatuak: pornoa vs sexu erreala, pornoa eta emakumeen aurkako sexu-indarkeria, pornoa vs desira, pornoa eta sexu-arazoak, pornoa eta mendekotasuna...
Helburua sexu-heziketa pornoaren esku utzi ezin daitekeela adieraztea bada ere, lan honi arazo handi bat ikusten diot, izenburutik bertatik agerikoa dena: gazteak pornoa ikus ez dezaten konbentzitu nahi ditu. Baina jakin badakigu hori gaur-gaurkoz ezinezkoa dela, helduok nerabeei zerbait ez egiteko esatea delako haiek hain justu kontrara jokatzeko biderik onena. Alferrik ari gara Interneten klik batera eskura duten pornoa ikustea debekatu nahian. Ez dirudi oso planteamendu errealista.
Agian pornoaren arriskuez eta haren ondorio izugarriez mintzatu beharrean, hobe genuke beldurraren estrategia baztertu eta gazteekin pornoaren irrealtasunaz eta haren fikziozko izaeraz mintzatu. Baliteke era horretan belaunaldi berrientzat pornoa zerbait tentagarria izateari uztea behingoz. Dena den, eztabaidak ez dio dibulgazio-lan honi batere baliorik kentzen; aitzitik, sexu-heziketaren arloko funtsezko titulua dela berresten du.