gorka julio
Ikus-entzunezkoak

TikTok

2024ko apirilaren 27a
05:00
Entzun

TikTok eztabaidagune bihurtu da, bereziki Ameriketako Estatu Batuetan eta Europan. Sarearen segurtasunari eta pribatutasunari buruzko kezka adierazi dute, ByteDance TikTokeko enpresa nagusiak Txinan baitu egoitza. Kezka horiek areagotu egiten dira TikTok espiatzeko eta erabiltzaileengan eragin politikoa izateko erabil daitekeen susmoengatik.

ByteDancek tokian tokiko arauak errespetatzen ditu, zergatik orduan orain arauak aldatu? Argi dago, txinatar enpresa honen arrakasta ez dutela gustuko AEB eta Europan. Baina horren gainetik, aplikazioak tokian-tokian hartzen duen formak eta aplikatzen zaizkion erregulazioek ere erakusten dute sortu nahi duten gizarte mota ere.

Ameriketako Estatu Batuek, segurtasun nazionaleko arriskuak arintzeko, TikTok aplikazioa erabat debekatzeko proposamen bati bidea ireki diote, AEBetako tokiko enpresa bati saldu ezean. Gobernuko zenbait agentziak eta armadak debekatu egin dute jada TikTok gailu ofizialetan erabiltzea.

Europak batez ere datuen babesaren kezkaren ikuspegitik heldu dio, baita aplikazioak gazteengan sor dezakeen adikziotik ere. Europak ikerketa bat abiatu du Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrarekin bat egiten duen ikusteko, eta kasu batzuetan isunak jarri dizkio. Ikerketak aurrera jarraitzen du, eta datuen pribatutasunaz gain, adingabeengan aplikazioak sor dezakeen adikziotik gehiago babesteko eskatzen ere jarraitzen du.

Txinan, aldiz, Douyin aplikazioak funtzionatzen du, TikToken klona nolabait. Gobernuaren politiketara egokituta eta mugatuta. Douyinek, tokiko legeekin bat egiteaz gain, eduki hezitzailea eta ez gatazkatsua sustatzeaz gain, funtzionalitate sorta zabalagoa ere integratu du. Douyin merkataritza elektroniko integraturako proba-eremu bat da, adibidez, eta erabiltzaileek zuzenean erosi ahal dituzte produktuak plataformaren bidez. Era berean, adingabeek erabiltzeko denbora murrizteko mekanismoak ere inplementatu ditu.

Bi aplikazioek izandako ibilbidea alderatzea interesgarria da, ez bakarrik pribatutasunari eta datuen segurtasunari begira, baizik eta aro digitalean botere eta eragin borroka zabalagoa ere islatzen duelako. Plataforma horien bilakaera funtsezko barometroa izango da geopolitikan potentzia handiek etorkizunean teknologia, politika eta eskubideen bidegurutze horretan bidea zehazteko. Erlojua martxan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.