gaizka izagirre
'Ekografiak'

Zinemaren B aldea

2025eko apirilaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bereziki maite ditut filmaketa lanen B aldea edota zinemaren munduaren atzealdea erakusten dituzten proposamenak.

Entourage izan zen metazinema oinarri duten telesailen artean harrapatu ninduen lehenengoa. 96 atal izan zituen guztira, 2004 eta 2011 bitartean eman zuten, eta Hollywoodeko aktore hasiberri baten eta bere lagun taldearen gorabeherak azaltzen ditu. Mark Wahlbergen benetako bizitzan oinarrituta dago, eta berak ere ekoizle exekutibo gisa parte hartzen du. Sona handia izan zuen Hollywooden barruko mundua pantaila txikian gutxitan ez bezala erakusteagatik, baina bereziki ospearen, negozioen eta harremanen inguruko satira eta komedia bikainki uztartzen dituelako. Benetako aktore, zuzendari eta musikarien ehunka cameo agertzen dira bertan.

Azken urteotan, The Offer, Feud: Bette and Joane eta Extras bereziki gomendagarriak iruditzen zaizkit, baina uste dut 2022an estreinatu zuten Irma Vep telesailak aipamen mamitsuagoa merezi duela. Olivier Assayas zuzendariak bere filmografiako titulu garrantzitsuenetakoa (Irma Vep, 1996) ekarri eta telesail bihurtu zuen; Louis Feuilladeren Les Vampires filmari omenaldia egiten dion premisa berberari heldu zion berriro. Jatorrizko lanean zeuden zinemarekiko kritika horiez gain, feminismoari eta ikus-entzunezkoen genero-ikuspegiari buruzko hausnarketak ere topatu daitezke.

Ikusi dudan berriena, egunotan iritsi den The Studio, bikaina da. Matt Remick (Seth Rogen) zinemazale amorratua da protagonista nagusia. Patty (Catherine O'Hara) Continental Studios estudioen zuzendaria berriki kaleratu dute, eta Remick proposatuko dute kargua hartzeko; une horretatik aurrera, zinema industriaren desafioei eta zentzugabekeriei aurre egin beharko die. Konpainia suspertzen saiatzen den bitartean, Barbie filmaren tankerako izenburu arrakastatsu bat egitea eskatuko diote; AEBetan ezaguna den Kool-Aid izeneko edariari buruzko film zentzugabea sortzearen ardura izango du. Kapitulu bakoitza film baten ekoizpen prozesuaren fase bati buruzko izango da, eta sor daitezkeen ehunka arazoak erakutsiko ditu.

Komedia entretenigarri eta gogoetatsu horrek, talentu handiko aktoreek eta narratiba adimentsu batek lagunduta, begirada umoretsu eta kritikoa eskaintzen die industria zinematografikoaren zirrikituei. Zoragarria da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.