Ingelesezko swear aditzak bi esanahi ditu, testuinguruaren arabera. Batetik, «I swear» esaten dugu zerbaiten zina egiteko edo esaten ari garena egia dela azpimarratzeko. Bestetik, to swear aditzak bestelako esanahia ere badu: hitz gordinak esatea. «I swear a lot», adibidez, «hitz itsusi asko esaten ditut» adierazteko erabiltzen da; «Don’t swear!», berriz, «ez esan hitz itsusirik!» esateko. Bada, zin degizuet I Swear filma hitz gordinez josita dagoela, eta horrek baduela bere arrazoia. Aurten ikusi dudan filmik gustukoenetako bat ere bada.
Kirk Jones zuzendariaren film hunkigarri eta umoretsuak John Davidsonen benetako istorioa kontatzen du. Eskoziako Galashiels herriko protagonistak Touretteren sindromea du, nahi gabeko mugimenduak, tikak eta hitz gordinak esatea eragin dezakeen nahasmendu neurologikoa. Sintomak nerabezaroan agertu zitzaizkion, 14 urte zituela, 1980ko hamarkadan. Garai hartan, gizarteak apenas zuen nahasmenduaren inguruko informaziorik, eta Davidsonentzat eguneroko bizitza biziraupen-ariketa bihurtu zen. Horregatik, bizitzaren zati handi bat sindromearen inguruko aurreiritziak apurtzen eta gizartea sentsibilizatzen eman du. 1989an, gainera, BBCk haren egunerokoa jaso zuen John's Not Mad dokumentalean.
Filmaren alderdirik onenetako bat Robert Aramayoren interpretazioa da. Aktoreak sentsibilitate, adimen eta umore handiz gorpuzten du Davidson. Haren interpretazioa bihotzeraino iristen da. Ez da harritzekoa, beraz, 2026ko otsailean aktore protagonista onenaren BAFTA saria irabazi izana, Leonardo DiCaprio, Timothee Chalamet eta Ethan Hawke bezalako izar handiei aurrea hartuta. Bitxikeria gisa, Aramayoren aitaren erreakzioa biral bihurtu zen sare sozialetan, semearen garaipena ezin sinetsita. Eta ez zen gutxiagorako!
Baina filmaren lorpenik handiena ez da protagonistaren istorioa kontatzea soilik. Nahasmendu neurologikoen inguruko hausnarketa pizten du, eta enpatiari eta errespetuari ateak zabaltzen dizkie. Izan ere, batzuetan zaila da bereiztea noiz egiten dugun barre norbaiten kontura eta noiz egiten dugun barre harekin batera. Non dago umorearen eta krudelkeriaren arteko muga? I Swear filmak galdera horiek mahai gainean jartzen ditu, epairik eman gabe, barrearen, lotsaren eta enpatiaren arteko mugak lausotuz.
Beraz, badakizue. Nik bezala I swear zineman ikusteko aukera galdu bazenuten, orain Movistar Plus plataforman duzue ikusgai. Ez zarete damutuko. Zin dagizuet.