Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Ziurgabetasuna

2023ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Hauteskundeen emaitzak jakin baino lehenago, LGTBI kolektiboaren inguruko bi istoriotan murgildu naiz. Lehena zinema areto batean ikusi dut. Barbie eta Oppenheimer filmen fenomenoa alde batera utzita, Te estoy amando locamente filma aukeratu dut. Bertan, frankismoaren ondorengo Sevilla (Espainia) ageri da, eta LGTBI kolektiboaren mugimendua nola hasi zen erakusten digu Alejandro Marinen lehen filmak. Trantsizio garaian, indarrean zegoen gizartearentzako arriskuaren legea, eta lege horren aurka egindako aktibismoa erakusten da filmean. 1970ean onartu zen legea, eta 1995era arte ez zen desagertu Espainiako legeditik. Filma larunbatean ikusi nuen; amaitzean, aretoko ikusle guztiak txaloka hasi ziren.

LGTBI kolektiboaren aurka beste lege bat egon zen frankismoan. Lege hori Alferren eta Gaizkileen Legea izan zen, eta kolektiboko pertsona asko kartzelara eta kontzentrazio esparruetara eraman zituen. Las Noches de TefĂ­a telesailean (Atresplayer), Fuerteventura uhartean egon zen kontzentrazio esparru bateko istorio latza kontatzen da. Istorio horrek hiru denbora lerro ditu. Lehena, kontzentrazio esparruan gertatutakoa; bigarrena, presoen artean asmatu zuten fantasiazko istorioa; eta hirugarrena, 2004an bizirik iraun dutenen istorioa. Miguel del Arcok zuzendutako lan horretan, frankismoak ezarritako errepresioa erakusten da. Pertsonaia protagonistaren sexualitatea armairuan geratu zen preso egon ostean. Demokrazia garaian ere, bere sexualitatea zein zen esateko beldur zen, eta barruko mamu guztiak astindu behar izan zituen aurrera egiteko. Bi fikzioak ikustea plan aparta izan da hauteskundeen biharamunerako.

Igande gauean telebistaren aurrean jartzeko beldur nintzen. Faxismoaren aldeko botoak igoko ziren beldurra oso zabaldua zegoen, eta berandu piztu nuen telebista. Pantaila beltzetik koloreetara pasatu zenean, espero ez nuen emaitza ikusita poztu egin nintzen. Ondoren, ziurgabetasun egoerara itzuli naiz. Milenial belaunaldikoak garenok ziurgabetasun ekonomiko iraunkorrean gaude 2008. urtetik. LGBTI kolektiboko pertsonok gure eskubideak ziurtzat geneuzkan, eta beldurra sentitu dugu azken hilabeteetan. Espero dut fikzioan ikusi dudan iragana fikzioan geratzea hurrengo hilabeteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.