Arantxa Idiederrek eta Malen Frantzesenak aurkeztuko dute 'Zebrabidea' magazina

Arrosa irrati sareko saioak etzi hasiko du denboraldia. Esatari berriez gain, kolaboratzaile berriak ere izango dira.

'Zebrabidea' saioko aurkezle berriak: Arantxa Idieder eta Malen Frantzesena. ARROSA
'Zebrabidea' saioko aurkezle berriak: Arantxa Idieder eta Malen Frantzesena. ARROSA
urtzi urkizu
2025eko urriaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ohiko formula eta betiko ordutegia izango ditu Arrosa irrati sareko Zebrabidea magazinak. Astelehenean hasiko dute denboraldia, eta astegunetan 16:00etatik 18:00etara entzun ahalko da Arrosako irrati libre guztietan. Baina berrikuntzak izango dira; handiena, esatari-gidariak: Naiz irratiko Malen Frantzesenak eta Gure Irratiko Arantxa Idiederrek aurkeztuko dute denboraldi honetan Zebrabidea.

«Denetarik izango dugu saioan. Atal eta kolaboratzaile batzuek segituko dute, eta kolaboratzaile berriak ere egongo dira», azaldu du Frantzesenak. Nabarmendu du «oso gogotsu» dagoela denboraldi berriari begira: «Erronka handia da. Ibilbidea duen saio bat da, Arrosa sareko magazina, eta Arrosarekin oso identifikatuta dago». Horrek asko dakar berekin: «Izan ere, Arrosa sareko kide guztien esentzia jaso behar duen saioa da, eta ez da lan makala aurrera eraman beharko duguna».

Donostian ariko da Frantzesena, Naiz irratiaren estudioetan. Idieder, berriz, Uztaritzen ariko da (Lapurdi), Gure Irratiaren estudioetan. Idieder aritua da irratien arteko koordinazioan, Iparraldeko Euskal Irratietan elkarrekin egiten baitituzte emankizunak eta programazioa. «Baina abentura berri bat bezala bizi dut Zebrabidea, Naiz irratiaren eta Gure Irratiaren arteko elkarlan hau berria baita». Idiederrek azaldu du orain arte ez zutela elkar ezagutzen, baina «oso ongi» ari direla konpontzen: «Abentura berriari ekiteko prest gaude, Euskal Herri mailako emankizuna egiteko».

Esatari bat Uztaritzen eta bestea Donostian izateak koordinazio handia eskatuko duela nabarmendu dute bi esatariek. «Gauza aunitz aurreikusi beharko ditugu, eta lanak banatu. Distantzian aritzeak zailtasunak ekarri ahal ditu», dio Idiederrek. Baikorra da, edonola ere, Frantzesena: «Uste dut Idieder eta biok oso ondo konponduko garela. Orain arteko antolaketan oso ondo moldatu gara». Saioko elkarrizketa nagusia Frantzesenak egingo du. Solasaldi edo tertuliak, berriz, Idiederrek aurkeztuko ditu. «Bata besteari laguntzen ariko gara», gaineratu du Frantzesenak.

Naiz irratiko esatariak nabarmendu du publiko gaztearengana hurbiltzen saiatuko direla. «Saiatu gara gaztetasun kutsua ematen saioari. Klak komunikazio proiektuaren laguntza izango dugu, esaterako, gazte agenda egingo baitute».

Pello Urzelai komunikabideez

Saioko kolaboratzaile berrien artean, Pello Urzelai kazetari eta BERRIAko Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien arduraduna ariko da. Astelehenean hasiko da kolaborazioa egiten, eta Kazetaritza ardatz albiste buletineko gaiez hitz egingo du; kazetaritzarekin eta komunikabideekin lotura duten albisteez, beraz.

Hainbat irratitako esatariekin egingo dituzte solasaldiak, eta kirol solasaldiak ere bai. Idiederrek aurreratu duenez, bestalde, hilean behin literatura solasaldi bat egingo dute Nora Arbelbide idazlearekin eta Garbiñe Ubeda idazle eta BERRIAko kazetariarekin. «Musika solasaldiak ere izango dira. Poliki-poliki ahots gehiago batuko ditugu magazinera», azaldu du Idiederrek.

Baikorra da Frantzesena Arrosa sareko saioak izango duen emaitzari dagokionez: «Denboraldia oso interesgarria izango dela iruditzen zaigu. Jendea animatu nahiko nuke saioa entzun eta gurekin gozatzera». Idiederrek gogorarazi du «Euskal Herri osoarentzat» ariko direla, eta horrek ezaugarri batzuk dakartzala berekin. Izan ere, eguneroko bi orduko «emankizun nazionala» da Zebrabidea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.