Komunikazioa. Igor Garcia Olaizola. Vicomtech-IK4 etxeko ikertzailea

«Aspaldi utzi zioten beste pantailetan pasibo izateari»

Telebista interaktiborako programak garatzen ditu Vicomtech-IK4 etxeak. Telebistak beste pantailekin bat egin dezan egiten dute lan.

BERRIA.
Adrian Garcia.
2013ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Telebistaren etorkizuna interaktibitatean dago; ikus-entzuleakerabiltzaile pasiboa izateari utziko dio aurki, eta aktibo bihurtuko da. Horixe uste dute Vicomtech-IK4 etxean. Donostiako Miramongo teknologia parkean dute egoitza, eta konputagailu bidezko interakzio grafikoak eta multimedia digitala ikertzendute. Orain hamar urte hasi ziren telebista interaktiborako programak garatzen. Tabletak eta beste pantailak agertu izanak prozesua azkartuko duela uste du Igor Garcia Olaizolak (Zarautz, 1976) Vicomtech-IK4 etxeko telebista digitaletako zuzendariak.

Nola izan daiteke telebista interaktiboa?

Batetik, edukiarekin lotura zuzenik ez duen interaktibitatea legoke. Jokoak edo Facebook, adibidez. Edukiari buruzko iruzkinak egin ditzakezu, baina ez dago lotura bat. Bestetik, edukiari lotutakoak daude. Lehiaketa batean, adibidez, ekintza bat egitea: bozkatzea, galdera bati erantzutea... Beste bat, oso garbia, informazioa zabaltzea da. Informazio orokorra ematen du telebistak, baina eman dezake indibidualki informazioa zabaltzeko aukera ere. Kiroletan erabilgarria izan daiteke. Estatistika piloa jasotzen dituzte, baina batzuk ateratzen dira soilik. Zuri interesatzen zaizkizun datuak eskuragarri jar daitezke.

Film edo telesail baten amaiera aukeratzea posible izango al da?

Egon dira saioak. Kontua kostua da. Agian, ordu bateko atal bat egiteko zortzi ordu grabatu beharko dira. Teknologikoki erraza da egiten, baina garestia da.

Telebistetako ikus-entzuleak erabiltzaile pasibo izateari utziko diote, beraz.

Aspaldi utzi zioten beste pantailetan erabiltzaile pasibo izateari. Lehen, bideo bat ikusteko era bakarra zegoen: esertzea eta ikustea. Orain, Youtuben eduki bat ikustean jendeak beste norbaiti bidali, iruzkinak egin edo gustatu zaion ala ez adieraz dezake. Aktibitate minimo bat badago hor. Jendeak barneratua du elkarrekintza hori, eta logikoena izango litzateke telebista beste hedabideetan dagoen errealitate horretara egokitzea.

Nola aldatu da interaktibitatearen kontzeptua urte hauetan?

Telebistaren interaktibitatearekin lanean hasi ginenean, orain hamar urte, interaktibitatea honako hau zen: telebistak zurekiko zerbait egitea. Gaur egun, interaktibitateaz hitz egitean aldaketa nagusi bat dago: konbergentzia. Ez da nahikoa erabiltzaileak telebistarekin elkar eragitea. Erabiltzaileak egun eskura dituen beste zerbitzu digital guztien barne egon behar du telebistak.

Zein proiektutan ari zarete lanean?

Telebistaren kontzeptua beste zenbait eredutara nola zabal daitekeen aztertzen ari gara, kontuan hartuta Internetekin eta mugikortasunarekin gertatzen ari diren aldaketa guztiak. Telebista etxeko beste monitore edo pantaila bat bihurtzen duen proiektuan ari gara lanean. Telebista ekosistema horren parte izateko teknologia garatzen ari gara. Gaur egun, oso bakana den teknologia da. Twitter kontua, edo posta elektronikoa begiratzea telebistatik egitea nahiko konplikatua da oraindik.

Jendeak beste pantailak erabiltzen al ditu telebista ikustean?

Espainiako estatistikek diote tablet bat duten %85ek telebista ikusteko erabiltzen dutela. Bigarren pantailaren erabilera ikaragarria da. Nahiz eta bi pantaila izan, erabiltzaileak egiten dituen ekintzak bakanak dira. Telebistan zerbait interesgarria ikusten duen momentuan informazio hori zabal dezake tabletaren bitartez.Bateratze horrekin ari gara lanean, dena gauza berdinaren parte izan dadin.

Noiz ikusi ahal izango dirahorrelako interaktibitate maila garatuak telebistetan?

Beste herrialde batzuetan nahiko azkar doa. Espainiako telebista ekoizle bakoitza bere teknologia propioa ari da eskaintzen, eta horrek asko zatitzen du merkatua. Guretzat zaila da garapen bat egin eta jendeari zabaltzea gero. Edozein telebista erosita ere, kate guztiak ikus ditzakezu, baina ez da horrela gertatzen aplikazioekin. Telebista marka bakoitzarentzako aplikazio bat egin behar du ekoizleak. Denok zain gaude, ea noiz berdinduko den hori. Badago estandar bat, eta gobernuak ahalegintzen ari dira hori izan dadin markek onartuko duten protokoloa. Alemanian, estandar horrekin ari dira telebistak ekoizten. Pare bat urtean horrek guztiak egonkortuta egon behar luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.