Inbertsio handiak egin ditu aurten ere Netflix ordainpeko plataformak edukiak ekoizteko. Dozenaka telesail, dokumental eta pelikula estreinatuko dituzte datozen hilabeteetan, baita dozena bat bideojoko ere. Egunotan, Stranger Things telesailaren zale ugarik konspirazio teoria bat zabaldu dute, amestuz fikzioak beste amaiera bat zuela eta azkeneko denboraldiak bederatzigarren atala zuela. Ez dago halakorik; hori bai, datorren astelehenean bosgarren denboraldiaren making of-eko dokumentala estreinatuko du plataformak: One Last Adventure: The Making of Stranger Things 5. Gainera, ziurtzat jo dute fikzio ezagunaren spin-off bat ekoitziko dutela animaziozko telesail baten formatuan: Stranger Things: Tales From ’85. Fikzio arrakastatsuaren sortzaileek, Matt eta Ross Duffer anaiek, berriz, beste telesail bat estreinatuko dute aurten Netflixen: The Boroughs. Alfred Molina, Geena Davis, Bill Pullman eta Alfred Woodard dira aktore protagonistak.
Netflixek aurten estreinatuko dituen lan horien guztien artetik oso gutxi izango dira euskarara bikoiztuta ikusi ahalko direnak. Salbuespenen artean, Avatar: The Last Airbender telesailaren bigarren denboraldia izango da. Aurreneko denboraldia ere euskarara bikoiztuta estreinatu zuten —ahotsen artean Kandido Uranga eta Lorea Intxausti zeuden—. Atal berrietan, Aang eta haren lagunak Lurreko erregea konbentzitzera joango dira, Ozai suaren jaunaren aurkako borrokan lagundu dezan. Oraindik ez dute iragarri noiz estreinatuko den, baina ziurtzat jo daiteke euskaraz ere emango dutela.

One Piece telesailaren —hezur-haragizko aktoreekin filmatutakoak, alegia— denboraldi berria martxoaren 10ean estreinatuko dute. Eta atal horiek euskarazko azpidatziekin ikusi ahalko direla ere ziurra da.
Gutxienez Netflixen lau telesailek azkeneko denboraldia izango dute aurtengoa: Outer Banks, The Witcher, The Empress eta Sweet Magnolias. Alex Pinaren (Iruñea, 1967) El refugio atĂ³mico telesailak ez du jarraipenik izango. Hark ekoitzitako Berlin telesailak, berriz, bai, denboraldi berria izango du: maiatzaren 15ean estreinatuko dute. Hainbat eszena Donostian filmatu zituzten.
Fikziozko 44 film luze berri
Telesailak alde batera utzita, berak ekoitzitako 44 pelikula berriren izenburuak jakinarazi ditu Netflixek. Tartean izango dira Enola Holmes 3 —udarako espero da—, Heartstopper Forever —telesaileko pertsonaien abenturei amaiera emango die— eta Peaky Blinders: The Immortal Man —martxoaren 20an estreinatuko dute—.

Urtarrilaren 16an, The Rip akziozko thrillerra estreinatuko dute —aktoreak Matt Damon eta Ben Affleck dira—; martxoaren 6an, War Machine zientzia-fikziozko filma —Alan Ritchson da aktore nagusia—; eta apirilaren 24an, Apex thrillerra—Charlize Theron da aktore protagonista—. Udan, Robert de Niro protagonista duen pelikula bat iritsiko da plataformara: The Whisper Man.
Netflixek, era berean, iragarri du Hego Koreako hainbat telesail, film eta telebista saio estreinatuko dituela datozen hilabeteetan.