Azaroaren 9ra arte bidal daitezke bideoak Beldur Barik lehiaketara

Lanek gehienez hiru minutuko iraupena izan beharko dute. Proiektuek indarkeria matxista mota ezberdinak erakutsi, eta haiei jarrera kritikoz aurre egin behar diete. 12 eta 20 urte arteko gazteek parte har dezakete.

Beldur Barik bideo lehiaketa. BERRIA
Beldur Barik bideo lehiaketa. BERRIA
urtzi urkizu
2025eko urriaren 8a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazteek sufritzen duten indarkeria matxistari aurre egiteko asmoz, hainbat erakunde publikok Beldur Barik bideo lehiaketa abiarazi dute aurten ere. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi edo ikasten duten 12 eta 20 urte arteko gazteei zuzenduta dago, eta bi kategoriatan banatuta: 12 eta 16 urte artean dituztenak eta 17 eta 20 urte artean dituztenak.

Lanak ikus-entzunezko formatuan aurkeztu beharko dira, eta gehienez hiru minutuko iraupena izango dute. Proposamenek originalak izan behar dute, eta ezin dira beste jaialdi edo lehiaketa batzuetara aurkeztutakoak izan. Lanak euskaraz, gaztelaniaz, ele bitan zein beste hizkuntzaren batean aurkeztu ahal izango dira, baldin eta euskarazko edo gaztelerazko azpidatziak badituzte. Antolatzaileek gomendatu dute bideoan musika eta irudiak erabiliz gero egile eskubiderik ez dutenak aukeratzea.

Parte hartzen duten proiektuek Beldur Barik jarrera islatu behar dute; harreman askeak, errespetuzkoak, parekideak, pluralak eta ez sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakustea da Beldur Barik jarrera. «Indarkeria matxista mota ezberdinak erakutsi, eta horiei jarrera kritikoz aurre egitea» da helburua. Epaimahaiak, kalitate teknikoaren eta artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko du.

Lehiaketaren webgunean aurki daitezke argibide gehiago. Lanak Youtube, Tiktok, Facebook edo Instagram plataformetara aurkeztu beharko dira. Azaroaren 28an ezagutaraziko dituzte lan sarituak. Publikoaren Saria izendatzeko bozketa sistema, bestalde, azaroaren 15ean aktibatuko dute.

Beldur Barik bideo lehiaketaren iragarkia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.