Hiru Damatxo ekoiztetxeak EITBrentzat egiten duen BaDA!bil bideopodcastak laugarren denboraldia hasi berri du. Durangoko Azokaren babesarekin, lau sortzaile mahai baten bueltan elkartu ohi dira. Eta bada aldaketa ageriko bat aurtengo ataletan: Saioaren aurkezlea jada ez da Amets Aranguren, eta hemendik aurrera atal bakoitzak bere gidaria izango du. Hiru Damatxok iragarri duenez, landuko den gaiarekin lotura duen gidari bat izango da, propio aukeratutakoa.
EITBren Guau eta Primeran plataformetan ez ezik, Spotify, Youtube, Ivoox eta Apple Podcasts plataformetan entzun eta ikus daiteke BaDA!bil —kasurako, Youtuben ikus daitezke aurreko denboraldietako atal guztiak—.
Musikaz, literaturaz, sorkuntzaz eta beste hainbat gaiez mintzatuko dira bideopodcastaren laugarren denboraldian. Sasoiko lehen atalean, kantu baten atzean dagoena eraman dute mahaiko lau mikroetara. Ane Garcia idazle eta musikariak gidatu du solasaldia, eta hiru gonbidatu hauek izan ditu aurrean: Nahia Zubeldia (Lumi taldea), Ana Arsuaga (Verde Prato) eta Gartxot Unsain. Musikariak dira hirurak.

«Kantu guztiak niri buruz ari dira. Film baten izenburua ere bada... Zein kantarekin pentsatu duzue: 'Niri buruz ari da?'», galdetu die Garciak, hasteko, Zubeldiari, Arsuagari eta Unsaini. Kantuetarako hitzez mintzatu dira, halaber, solasaldian.
Datozen asteetan, bideopodcastaren atal berri bat ikusi eta entzun ahalko da ostegunero. Miriam Luki kazetaria, Kattalin Miner idazlea, Jon Basaguren musikaria eta Asier Kortabarria gidoilari eta umorista ariko dira solasaldiak gidatzen.
Podcasteko soinu teknikaria Iñigo Etxarri da —Hiru Damatxoko beste egitasmo batzuetan ere lan egin izan du—.
Azken atala, Durangoko Azokan
Bost atal izango ditu bideopodcastaren denboraldi berriak. Bosgarrena eta azkenekoa jendaurrean egingo dute, Durangoko Azokako Berbagailua gunean, abenduaren 6an, 16:00etan hasita. Herritarrek bertatik bertara ikusi ahalko dute podcasta nola egiten duten. Atal hori ere plataformetan jarriko dute. Iaz ere formula hori erabili zuten: Berbagailua gune berrian grabatu zuten denboraldiko azkeneko atala.
Euskal Herriko kulturgileak elkartzeko egitasmoa da BaDA!bil. «Sortzaileen arteko elkarrizketak publikoarekin partekatzeko gunea da», diote Hiru Damatxo ekoiztetxekoek. Azaldu dutenez, sortzaileen ahotik izango dute herritarrek haien lan egiteko moduren, bizipenen, zalantzen eta inspirazio iturrien berri. Hala izango da abenduaren 6ko atal horretan ere.