Badoa 'Go!azen' eta badator 'Irabazi arte'

Maitane, Garazi, Alaia eta Bosko pertsonaien bideo, ahots eta zorion mezuekin elikatutako sistema propio bat garatu du EITBLab-ek, adimen artifizialaren bitartez.

'Go!azen'-en denboraldi honetako aktoreak. ETB
'Go!azen'-en denboraldi honetako aktoreak. ETB
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 27a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ostiralean amaituko da ETB1eko Go!azen telesailaren hamabigarren denboraldia. Egun berean sareratuko du Makusi plataformak Irabazi arte telesailaren bosgarren denboraldiko lehen atala, eta datorren astetik aurrera beste telesail horrek hartuko dio lekukoa Go!azen-i ETB1eko ostiral gauetan. Badaude, edonola ere, bi telesailen inguruko kontu gehiago nabarmentzeko.

Go!azen-eko aktoreen zorion mezu pertsonalizatua jasotzeko sistema bat jarri du martxan EITBk, EITBLab departamentuaren bitartez eta Pausoka ekoiztetxearekin eta Elhuyar enpresarekin lankidetzan. Aukera dago jada telesaileko lau aktoreren zorion bideoa jasotzeko: Nerea Arriola (Maitane), Nerea Elizalde (Garazi), Adriana Sanchez (Alaia) eta Ander Aierza (Bosko).

Horretarako, www.eitb.eus/goazen webgunean sartu eta erabiltzaileak (adin nagusiko batek) saioa hasi beharko du. Urteak beteko dituen haurraren izena eta adina zehaztu beharko ditu. Ondoren, bideoa prozesatu egingo da; orrialde horretan bertan agertuko da hura deskargatu eta erabiltzailearen beste gailuetara bidaltzeko aukera. 

Aktoreen laguntzaz, euren bideo, ahots eta zorion mezuekin elikatutako sistema propioa garatu du EITBk. Adimen artifizialak eskaria antolatzen du: lau aktoreen artean zein nahiago duen galdetzen dio erabiltzaileari, baita umearen izena eta zenbat urte betetzera doan ere. Antzezleen grabazioekin, Basakabi udalekuko irudiekin eta ahots klonazioaren laguntzaz, informazio hori dena irabiatu, eta haur horrentzat propio sortutako bideoa jasoko du erabiltzaileak. Pertsona baten balidazioa izango du edukiak beti, eta astelehenetik ostiralera 24 orduan baino gutxiagoan egongo da prest.

Beste alde batetik, Go!azen-en hamabigarren denboraldiko azkeneko atalean, korapilo guztiak askatuko dira. Azken atalaren aurrestreinaldia ostegunean egingo dute, Donibane Lohizunen (Lapurdi), 18:30ean, Le Select aretoetan. Bildutako dirua Seaskarentzat izango da. 

Ez dira hor amaituko Go!azen-i lotutako aurtengo kontuak; datozen asteetan, hainbat herritan egingo dituzte kontzertuak telesaileko aktoreekin. Honako herri hauetan egingo dituzte kontzertuak: Errenteria (Gipuzkoa), Zumarraga (Gipuzkoa), Basauri (Bizkaia), Zalla (Bizkaia), Zumaia (Gipuzkoa), Zornotza (Bizkaia), Azkoitia (Gipuzkoa), Lasarte-Oria (Gipuzkoa), Elgeta (Gipuzkoa), Erandio (Bizkaia), Villabona (Gipuzkoa), Donostia, Barakaldo (Bizkaia), Mutiloa (Gipuzkoa), Getxo (Bizkaia), Altsasu (Nafarroa), Lekeitio (Bizkaia) eta Santurtzi (Bizkaia).

Ziurtzat jo daiteke Go!azen-ek hamahirugarren denboraldia izango duela.

'Irabazi arte', 90 herritan

Pausoka ekoiztetxeak egiten du Go!azen telesaila, baita Irabazi arte ere. Esan bezala, ostiralean jarriko du Makusi plataformak Irabazi arte-ren bosgarren denboraldiko lehen atala. Otsailaren 6tik aurrera emango du telesaila ETB1ek.

Bi aktore berri ariko dira denboraldi honetan Irabazi arte-n: Unai Aranak Aimarren rola jokatuko du, eta Markel Urangak, Ekainena. Haiekin batera, dagoeneko telesailean ezagunak diren beste honako aktore hauek azalduko dira: Sua Enparantza, Alvaro Garaialde, Jose Ramon Soroiz —Feroz saria eman zioten larunbatean, Maspalomas filmean egindako lanagatik—, Joana Garitano, Joan Bailador, Nahia Sillero, Ainhoa Azpitarte, Ane Garmendia, Angela Lopez, Aritz Basterra, Ander Rovira, Iker Barandiaran, Ugaitz Amundarain, Ibai Ugarte, Tessa Andonegi, Dorleta Urretabizkaia eta Iker Galartza.

Irabazi arte Kursaalean
'Irabazi arte'-ren bosgarren denboraldiaren aurrestreinaldia, joan den igandean, Donostiako Kursaalean. XUMAR ALTZUGARAI

Azkeneko bi asteetan, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte Irabazi arte-ren denboraldi berriko aurrestreinaldiak. Ostiral honetatik aurrera, berriz, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide diren 90 herritan ere ikusi ahal izango da atal hori. Izan ere, UEMAk eta EITBk euskarazko ikus-entzunezkoak zabaltzeko sinatua duten hitzarmenaren barruan, euskarazko telesail arrakastatsuenak UEMAko kide diren herrietako zinema geletan eta areto publikoetan estreinatzeko lizentzia du UEMAk.

Udalerri euskaldunetan euskarazko ikus-entzunezkoak areago zabaltzea da UEMAren eta EITBren arteko hitzarmenaren helburua. Izan ere, azken ikerketek argi erakutsi dute euskarazko kultur kontsumoa erdarazkoen oso azpitik dagoela. Baita herri euskaldunenetan ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.