«Barrenak asko mugitzen dituen dokumental bat da»

Irailaren 27an 50 urte beteko dira Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik. Urteurrenaren harira, BERRIAk dokumental bat ekoiztu du: 'Bidaia bat 50 urte atzera, aurrera egiteko'.

Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2025eko irailaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Txikiren anaia bat kalean ikusi nuen behin, Zarautzen [Gipuzkoa], eta pentsatu nuen: '50 urte igaro dira fusilamenduaz geroztik. Zer pentsatuko du berak? Nola bizi izan ote zuen istorio hori?'. Hortik sortu zen dokumentalaren ideia». Gurutze Izagirre Intxauspe mintzo da, BERRIAko kazetaria eta Politika arloko koordinatzailea. 1975eko irailaren 27an, Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi fusilatu zituzten, bata Bartzelonan eta bestea Burgosen [Espainia]. Bermerik gabeko epaiketak izan ziren, eta 50 urteren ostean Txikiren eta Otaegiren orbainek bizirik diraute, eta horiek erakusten ditu BERRIAk gaur goizean estreinatu duen dokumentalak.

Izagirrek, Lara Madinabeitiak eta Garazi Karrerak familiako kideen eta lagunen testigantzak bildu eta dokumental bat ekoitzi dute, orain dela 50 urte gertatutakoa kontatzeko. Lehena kazetari lanetan ibili da, eta Madinabeitia eta Karrera ikus-entzunezko atalaz arduratu dira. Grabatu beharrekoaren gidoi bat eraman zuten tokira bertara, baina dena «oso inprobisatua» izan zela azaldu du Karrerak: «Road movie moduko bat izan da. Bidaian grabatzen den pelikula horietako bat. Ezusteko asko izan ditugu. Esaten zutena ez zen berriro errepikatuko; beraz, zuzeneko bat grabatzea bezalakoa izan da. Edonola ere, barrenak asko mugitzen dituen dokumental bat da. Istorioa ezagutzen nuen, baina hobeto ezagutzeko aukera izan dut». 

1975eko testuingurua 

Frankismoaren azken hilabeteetan izan ziren fusilamenduak. Handik bi hilabetera hil zen Franco —azaroaren 20an—, baina Euskal Herrian salbuespen egoera ezarria zuen 1975eko apiriletik ekainera. Hau da, Poliziak bidea «libre» zuen «nahi zuena» egiteko: «4.000 lagun baino gehiago atxilotu zituzten Euskal Herrian soilik», adierazi du Izagirrek. 

Txikiren eta Otaegiren testuingurua ulertzeko, haiek egondako lekuak bisitatu dituzte BERRIAko langileek, Txikiren familiako bi kiderekin eta Otaegiren bi lagunekin batera. «Pentsatu genuen leku horietan egoteak indarra emango ziola dokumentalari, eta hobeto ulertuko genuela haiek nola bizi izan zuten orain dela 50 urteko istorio hori», azaldu du Karrerak.

Uztailean, lehenengo geltokia Burgos izan zen, Xexilio Alegriarekin eta Luis Mari Gurrutxagarekin batera —Otaegiren lagunak biak—. 1975eko irailaren 26an, Alegriak Otaegiren ama Burgosera eraman zuen, semearekin azken gaua pasatu zezan. Kontakizuna nola osatu zuten azaldu du Izagirrek: «Xexiliok kontatu zigun nola pasatu zuten azken gau hura, eta Luis Marik, bitartean Euskal Herrian zer gertatzen ari zen. Otaegiren lehengusu Mertxe Urtuzagak lagundu digu kontakizun guztia osatzen: Angel nor zen, etxekoek nola bizi izan zuten...». 

«Pentsatu genuen leku horietan egoteak indarra emango ziola dokumentalari, eta hobeto ulertuko genuela haiek nola bizi izan zuten orain dela 50 urteko istorio hori»

GARAZI KARRERA BERRIAko ikus-entzunezko saileko kidea

Abuztuan, berriz, Bartzelonara bidaiatu zuten Mikel Paredesekin —Txikiren anaia— eta Anie Paredesekin —Txikiren iloba—. Txikiri heriotza zigorra ezarri ziotela jakin zuenean, irailaren 26an, Mikel Paredes Bartzelonara joan zen. Besteak beste, bertan bizitakoa kontatu du. «Francoren gobernu kontseiluak eman behar zuen azkeneko epaia, baina berrespen hori falta zen biharamunean. Azken ordura arte itxaropena zuten; abokatuak mugitzen ari ziren, nazioartean izugarrizko mugimendua zegoen...», azaldu du Izagirrek. 

Babesa eta transmisioa

Txikik Magda Oranich abokatua alboan izan zuen prozesu osoan zehar, eta azken 50 urteetan ere hala izan dela azaldu du Izagirrek: «Kasu honek haren ibilbide profesionala markatu zuen. Bartzelonan borrokaldi antifrankistan zebilen abokatu bat zen, eta lanean jarraitzen du 80 urte izan arren. Oraindik ere oso lotura estua du Txikiren familiarekin».

Txikiren iloba, Anie Paredes, haiekin izan zen Bartzelonarako bidaian. Bada, transmisioak «izugarrizko garrantzia» duela uste du BERRIAko kazetariak: «Gertatutakoa nola izan zen ulertzea inportantea dela iruditzen zaigu, ondorengoek ere jakin dezaten nondik gatozen». Txiki etxean «oso presente» dutela adierazi du Izagirrek, eta berretsi du «garrantzitsua» dela hori jakitea, «Euskal Herriaren historiaren parte delako». 

«Gertatutakoa nola izan zen ulertzea inportantea dela iruditzen zaigu, ondorengoek ere jakin dezaten nondik gatozen»

GURUTZE IZAGIRRE BERRIAko kazetaria

Txikiren eta Otaegiren familiekin eta gertukoekin egon ahal izatea «plazer eta pribilegio hutsa» izan dela esan du Karrerak, eta Izagirrek honako hau gehitu du: «Eskerrak eman nahi dizkiet familiei eta lagunei haien eskuzabaltasunagatik, gurekin bidaia hori egiteko prest egoteagatik, eta behin eta berriz barrenak mugitzeko prestutasun hori edukitzeagatik».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.