Ikusi gehiago
Juan Paredes Manot Txiki-ren eta Angel Otaegiren memoriak eskutik joan dira euskal herritarrentzat, nahiz eta haiek ez zuten elkar ezagutu. Zorigaitzeko gertaera hark elkartu ditu maiz bi sendiak, paredestarrak eta otaegitarrak. BERRIAk Mikel Paredes eta Mertxe Urtuzaga elkartu ditu, azken hamarraldietako bizipenak konta ditzaten.
Ikusi gehiago
Urtuzagak hasi du bere kontaketa: «Herri honetan gertatu den istorio bat jakinarazi nahi diogu jendeari. Askok ez dakite zer gertatu zen orduan. Batzuetan kosta egiten da orduko gauzak berriz kontatzea, baina uste dut horixe egin behar dela». Paredesek ere hala uste du: «Historiaren pasarte garrantzitsu bat izan zen. 50 urteren ostean saiatzen ari gara gertatu zena kontatzen, historia ez dadin galdu. Hura zeinen bidegabea izan zen jakinaraztea da helburua».
FRAPeko Jose Humberto Francisco Baenaren kasuan, senideek lortu dute Espainiako Gobernuak aitortzea ez zuela bidezko epaiketarik izan, eta itxaropen izpi bat eman die horrek Txikiren eta Otaegiren familiei; lanean jarraituko dute gobernuak aitorpen bera egin dezan haien ahaideen epaiketari buruz. «Batak 73 urte, besteak 61, eta aurrera segitzen dugu. Egon behar du modu bat jendea ohartu dadin eta jakin dezan egia zein izan zen», gaineratu du Paredesek.
Ikusi gehiago
Urte askoan, Urtuzagak ez du babesik sentitu instituzioen aldetik: «Esaten dute badaudela lehen eta bigarren mailako biktimak, eta uste dut halako zerbait izan dela gurean ere. Nik behintzat hala sentitu nuen. Nik uste dut bi aldeen egon direla biktimak, baina 2012an Jaurlaritzak aitortu arte ez genuen ezer izan. Haren amak ez zuen ezagutu». Dena den, herritarren babesa sentitu izan dute beti: «Nire izebak aurrera egin ahal izan zuen babes hori sentitu zuelako».
Paredesek herritarren babesa sentitu du, «baina erakundeak beste kontu bat dira». Halere, Eusko Jaurlaritzaren 2012ko aitortza azpimarragarria iruditzen zaio, geroztik ate batzuk ireki baitira auziaren egia bilatzeko.
Urtuzagaren ustez, garrantzitsua izango da Espainiako Gobernuak aitortzea epaiketa bidegabea izan zela eta gaizki egin zutela: «Aitortza bat. Esan dezatela ofizialki zer egin zuten garai hartan». Paredesek berretsi egin du: «Bakea emango liguke».
Ez dituzte ahazteko azken 50 urteetan memoria gal ez dadin lanean aritu diren guztiak. Esker ona adierazi diete.