TXIKI ETA OTAEGI

«Balaz josten zuten bitartean, 'Eusko gudariak' kantatzen segitzen zuen»

Juan Paredes Manot, 'Txiki'. BERRIA
Juan Paredes Manot, 'Txiki'. BERRIA
gurutze izagirre intxauspe
Bartzelona-Cerdanyola del Valles-Zarautz
2025eko irailaren 20a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko memoria kolektiboaren parte dira Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi, eta haien azken orduak bizirik daude gertukoen lekukotzei esker. Historia liburuetan ez da ageri «askatasun haizea» zela esanez agurtu zituela Txikik senideak, eta polizia boluntarioz osatutako talde batek gorpua balaz josten zion bitartean Eusko Gudariak kantatuz eman zuela azken hatsa, Cerdanyola del Valleseko eremu militar batean (Herrialde Katalanak), hilerriaren alboan. Otaegi, berriz, Burgosko (Espainia) kartzelako baratze batean fusilatu zuten, bakarrik.

Euskal Herriko historian oso esanguratsua izan zen garai baten protagonistetako bi izan ziren, eta azken egun haien lekuko izan zirenei esker heldu dira Txikiren azken hatsaren eta Otaegiren azken mezuen kronikak XXI. mendearen lehen laurdenera. 50 urte beteko dira Francisco Franco diktadoreak azken heriotza zigorrak agindu zituenetik. Txiki eta Otaegiren egun berean fusilatu zituzten FRAP Fronte Iraultzaile Antifaxista eta Patriotikoko hiru kide: Jose Humberto Francisco Baena, Ramon Gracia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo Solla, Madrilen. Baina datu historiko hutsez harago, Txiki eta Otaegi nor izan ziren eta azken egun haiek nola bizi izan zituzten modu osoagoan ezagutzeko asmoz, Bartzelona eta Cerdanyola del Vallesera eta Burgosera egindako bidaien eta hainbat lagunekin izandako elkarrizketen emaitza da hau.

Juan Paredes Manot Txiki «xarmagarri» oroitzen du Magda Oranich haren abokatuak, Mikel Paredes Txikiren anaiarekin solasean ari den bitartean. Abuztuko bero sapak ez du apaldu Oranichen grina, eta, Paredes estu besarkatu eta modu hunkigarrian agurtu ostean, elkarrekin berritu dituzte orduko ñabardura guztiak BERRIArentzat, abokatuaren bulegoan, Bartzelonan. 1975eko udan atxilotu zutenetik fusilatu arteko bidea Oranichekin batera egin baitzuen Txikik.

Txiki 1954ko otsailaren 20an jaio zen, Zalamea de la Serenan, Espainian. 10 urterekin Euskal Herrira etorri zen bizitzera. Anaia zaharrena, Mikel Paredes Manot, etorri zen lehenik aitona-amonengana, Zarautzera (Gipuzkoa). «Han ez zegoen etorkizunik, eta bizimodu hobe baten bila abiatu ginen», gogoratu du Paredesek. Handik hilabete batzuetara, familia osoa Zarautzen elkartuz joan zen. Zazpi senideko familia batean bigarrena zen Txiki. Aita hil egin zen 43 urte zituela, eta Txikik gazterik lanean hasi behar izan zuen, familia aurrera ateratzen laguntzeko. Baina herri giroa eta kirola ere gustuko zituen. Eskalatzaile aparta zen.

Euskal Herrira iristen hasiak ziren nazioarteko beste zenbait herrialdetan ernatzen ari ziren askapen mugimenduen hotsak, eta 1936ko gerra zuzenean bizi ez zuen belaunaldi bat borrokarako gertu zegoen. Frankismoaren debeku, mehatxu, polizia kontrol eta atxiloaldi itogarriei grebekin eta protestekin erantzuten zieten herritarrek. 1972an, 19 urte zituela, Txiki ETAren langile frontean hasi zen militatzen; 1973an, ETA politiko-militarrean.

Euskal Herrian indartsu zeuden borroka nazionala eta langileen eskubideen aldekoa. Jokaleku hartan, 1974ko abuztuaren 12an Poliziak sarekada bat egin zuen, eta Txikik Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. Handik urtebetera atxilotu zuten, uztailaren 30ean, Ignacio Perez Beotegi Wilson-ekin batera, Bartzelonan. Han zenbait lapurreta egitea egotzi zioten, eta haietako batean Ovidio Diaz Lopez polizia hiltzea aurrez aurreko batean, 1975eko ekainaren 6an.

Atxilotu zuten sasoian, giroa bor-bor zegoen. Euskal Herrian salbuespen egoera ezarri zuen Francok. Apiriletik ekainaren amaierara 4.000 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten.

Horiek hala, Juan Mari Bandres abokatuak Euskal Herritik dei bat egin zion Magda Oranich Bartzelonako abokatuari, eskatzeko ea Txikiren defentsa hartuko lukeen. Zaildua zegoen borroka antifrankistan, eta Marc Palmesekin batera hartu zuen defentsa. «Uda hartan Konpenhagen nengoen, eta aldian behin bulegora deitzen nuen. Noski, ez zen orain bezalakoa. Telefono bat bilatu behar zenuen, propio. Esan zidaten enkargu bat zegoela Juan Mari Bandresena, segituan deitzeko. Handik bertatik deitu nion Bandresi. Esan zidan ea Txikiren defentsa har nezakeen, eta ez kezkatzeko, bazirela beste batzuk auzi konplikatuagoekin».

Magda Oranich Txikiren abokatua Mikel Paredes Txikiren anaiarekin Bartzelonan, abokatuaren bulegoan
Magda Oranich Txikiren abokatua Mikel Paredes Txikiren anaiarekin, Bartzelonan, abokatuaren bulegoan. BERRIA

Oranich lanera itzuli zen, Bartzelonara, baina Txiki inkomunikatuta zegoen oraindik. Abuztuaren 21era arte, abokatuak ezin izan zuen ikusi. «Esan zidan jakinarazi ziotela zer egozten zioten, eta paperak pasatu zizkidan, zeren aldi hartan ez baitzegoen kristalik, burdin hesi batzuk baizik; orduan, elkarri gauzak pasatzeko modua zegoen. Ikusi nuenean zer egotzi zioten, negarrez atera nintzen handik. Hain garbi zegoen harekin zer egin nahi zuten! Francok hil egin nahi zuen, eta garbi zeukan ordu berean hil nahi zituela denak. Otaegi Burgosen, FRAPeko hirurak Madrilen, eta Txiki Bartzelonan».

Oranichek azaldu duenez, hori egiteko, auzi handi batetik beste auzi bat desglosatu zuten, eta Txikiren kontrako akusazio guztia eraiki. Oranich: «Bartzelonan Salvador Puig Antich fusilatu berria zuten». Anarkista antifrankista zen, eta Movimiento Iberico de Liberacion MIL taldeko kidea. 1974ko martxoaren 2an fusilatu zuten, gerra kontseilu bat egin ostean. «Hari ere Poliziak jarritako segada batean izandako tiroketan polizia bat hil izana egotzi zioten. Hildako poliziaren autopsia Poliziak berak egin zuen, zeinak dena manipula baitzezakeen. Alegia, polizia hura ez zen hil Puig Antichen pistolatik ateratako tiro baten ondorioz, baina berdin zion. 1973ko irailaren 25ean atxilotu zuten, eta 1974an hil, garrotearekin». Burdinazko aulki bat zen; burdinazko barra bat zeukan, eta uhal bat. Biktima aulkian eserarazi, eta lepoa burdinazko barrara lotzen zitzaion uhalarekin. Borreroak, indarrez, lepoan torloju bat estutzen zuen atzetik, lepoa hautsi arte. «Salvadorrena ikusi eta gero, ezin garbiago ikusi nuen Txikiren aurka ere mendeku hartu nahi zutela», esan du, Mikel Paredesi begiratzen dion bitartean.

Denbora irabaztea ezinbestekoa zen auzi hartan, Franco hiltzear zegoen eta: «Baina ez ginen garaiz iritsi. Franco hil zela jakinarazi zutenean, zure amari deitu nion [esan du Oranichek, Paredesi begira], eta biok negar egin genuen, gutxigatik ez genuelako lortu».

«Franco hil zela jakinarazi zutenean, zure amari deitu nion [esan du Oranichek, Paredesi begira], eta biok negar egin genuen, gutxigatik ez genuelako lortu»

MAGDA ORANICH Txikiren abokatua

Izan ere, abokatuek bazituzten denbora irabazteko trikimailuak: «Abokatuok, kausaren batean denbora irabazi nahi genuenean, gaixo jartzeko ohitura geneukan, eta bagenituen mediku antifrankistak, behar genituen ziurtagiriak egiten zizkigutenak. Hori eragozteko izendatu ziguten hirugarren abokatu militarra, Txikiren defentsa eramango zuena gurekin batera; hartara, gu gaixo jarriz gero ere, ez zen atzerapenik izango. Coronado kapitaina [jarri zieten abokatu militarra] gurekin egoten zen denbora guztian, gu defentsa prestatzen ari ginen bitartean. Haren figura gauza baterako bakarrik zegoen hor: bermatzeko epaiketa ez zela atzeratuko, eta gu gaixotuz gero hark beteko zuen defentsaren funtzioa. Exekuzioan ere gurekin egon zen».

Epaiketa militarra

Eta bihurritu egin zen prozesua. Javier Buces Aranzadiko ikertzaileak Txiki eta Otaegiren urtemugaren harira argitaratutako liburuan (Askatasun haizea. Txiki eta Otaegi, frankismoaren azken fusilatuak, Txalaparta) dokumentatua duenez, abuztuaren 22an Txikiri ohiko prozedura judizial bat jakinarazi zioten, eta hainbat delitu egotzi, Ovidio Diaz Lopezen hilketa tarteko. Baina egun batzuk geroago, bide zibila baztertu, eta epaiketa militar bat ireki zioten, propio beste pieza bat sortuta haren kontra. Epaiketa sumarisimo bat egingo ziotela jakinarazi zuten, eta heriotza zigorra eskatu haren kontra, irailean. Wilson Burgosera eraman zuten, baina Txiki Bartzelonan utzi zuten horregatik.

Bermerik gabeko epaiketa bat izan zen. Abokatuen helburua izan zen peritu frogak eskatzea, erakusteko Diaz Lopez hil zuen bala ez zela Txikiren pistolatik atera, baina ez zuten aukerarik izan frogak egiteko ere.

Gainera, kode militarraren arabera, epaitegi militarrak epai zezakeen «altxamendu kolektibo» bat bazen edo «oinarrizko erakundeak arriskuan» baldin bazeuden. Eta ez zen hala.

Oranichek ez du ahazteko bizi izandakoa: «Epaiketa militar bat zen, baina zer egiten du zibil batek militarrek epaituta? Ez Puig Antichenak eta ez Txikirenak ez zuten izan behar epaiketa militarrak. Izugarrikeria hutsa da zibil bat gerra kontseilu batean epaitzea bera ere. Ez zegoen frogak aurkezteko modurik ere. Garbi ikusi genuen berariaz prestatutako akusazio bat zela; ez zegoen defentsarako heldulekurik, eta ez zegoen batere bermerik!».

Palmes abokatuak alegatu zuen ez zegoela arrazoirik epaitegi militar batek epaitzeko, ez zirela betetzen baldintzak. Hori gutxi ez eta, Txikik adierazi zuen atxiloaldi inkomunikatu batean egin zituela adierazpenak: torturapean, alegia.

Ahaleginak hutsean geratu ziren. Gerra kontseilu bihurtu zuten. Fiskalak heriotza zigorra eskatu zuen Txikiren aurka. Abokatuek fiskalaren eskaera baliogabetzeko eskatu zuten, Txikiren aitortza torturapean izan zela argudiatuta, beste arrazoi batzuen artean.

Txikik, epaiketaren amaieran hitza hartu zuenean, ukatu egin zituen akusazioak, eta epaiketa militar hartan Euskal Herria eta Espainiako herria ere epaitzen zituztela adierazi zuen.

Abokatuen arrazoiak aintzat hartu ez, eta auzitegi militarra eratu zuten irailaren 19an epaiketa egiteko. Ez zegoen froga eztabaidaezin bakar bat ere ondorioztatzeko Txikik hil zuela Diaz Lopez.

Epaiketa amaitzean, Oranichek epaitegiko presidenteari eskatu zion ea amak, Antonia Manotek, semea besarka zezakeen, ez baitzuen aukerarik izan atxilotu zutenetik harekin egoteko. Bartzelonako Kapitanian izan zen epaiketa, eta hango patio batean besarkatu ahal izan zuten elkar azkenekoz. Amak orduan ikusi zizkion semeari inkomunikazioalditik oraindik ere gorputzean zituen ubelduak. 

Oranichek Paredesi begira hitz egiten du: «Zure amak esaten zion: ‘Seme, hil egingo zaituzte!’. Orduan hain ezaguna egin zen esaldi hori bota zion semeak: ‘Seme bat galduko duzu, baina beste milaka irabaziko dituzu!’. Oso gogorra izan zen une hura, amari 21 urteko semea hil behar zioten eta; oso gogorra da. Hura izan zen semearekin egon zen azken aldia».

Epaia jakinarazi ostean, Oranichek gogoan duenez, alegazioak aurkezteko lau ordu eman zizkieten abokatuei, eta berriz ere argudiatu zuten funtsik gabeko frogak zeudela, eta bermeak ez zirela bete epaiketan. Alferrik. Epaia Francoren gobernu kontseilura igorri zuten, heriotza zigorra berretsi zezaten. Irailaren 26an berretsi zuten, eta 27an fusilatzeko agindu.

PAREDES: «Bai, halaxe izan zen. Ama epaiketatik Zarautzera itzuli zen, eta ni 26rako etorri nintzen Bartzelonara. Ikusi ahal izan nuen kartzelan. Gogoan dut irribarre zabal batekin etorri zela. Etxeko kontuez-eta hitz egin genuen».

Abokatuen bulegoa, gudu zelai

Bisita nahi baino laburrago hartatik Oranichen eta Palmesen bulegora jo zuen Paredesek: «Gudu zelaia ematen zuen hark. Abokatu pilo bat ari ziren lanean, ahaleginak eta bi egiten heriotza zigorrak atzera botatzeko. Eta kalean ere mugimendu handia zegoen. Horrek indarra ematen zidan aurrera jarraitzeko. Ea, beste aldekoak ere baziren: Kristo Erregearen Gerrillariek bulegoaren kontra egiten zuten; erasoak eta mehatxuak etengabeak ziren han geundenean».

Eta Bartzelonako bulegoan bizi bihurtu da Txikiren abokatu izandakoaren eta haren anaiaren arteko solasaldia, azken une horiek gogoratzean. 

ORANICH: «Txiki izu-ikaratuta zegoen garrotea jartzeko arriskua bazegoelako. Garrotea ondo xamar nola egin zekitenetako borrero bat Puig Antichena zen. Garrotea da okerrena, eta lehen aldian ez bazuen funtzionatzen, izugarrikeria hutsa zen. Presoa aulkian esertzen zuten lotuta, eta lepo atzetik torloju bat sartzen zioten lepoa hautsi arte. Baina hori egiten jakin egin behar da. Puig Antichen kasuan, lehenengoan funtzionatu zuen. Baina beste preso baten berri izan zuten, eta ez omen zen ondo atera lehenengoan; kartzeletan asko hitz egin zen horretaz. Nonbait, borreroak ez zuen izango praktika handirik, ez zuen askotan egina izango hori. Orduan idatzi bat egin genuen, eta zera esan genuen: ‘Heriotza zigorraren aurka gaude —orduan terrorista izatea zen heriotza zigorraren aurka egotea—; uste dugu bidegabea dela, baina, egin behar baduzue, eskatzen dugu fusilatua izan dadila. Eusko gudari baten gisan hil dadila'. Horrek sutan jarri zituen, eta beste gerra kontseilu bat ireki ziguten abokatuoi. Kontua zen ez zegoela borrerorik hiru tokietarako, eta, orduan, fusilamendua onartu zuten».

Cerdanyola del valles

Vent de Llibertat-eko kideak eta Mikel eta Anie Paredes, Cerdanyola del Vallesen, Txiki hil zuten eremutik gertu.
Vent de Llibertat-eko kideak eta Mikel eta Anie Paredes, Cerdanyola del Vallesen, Txiki hil zuten eremutik gertu. BERRIA

 

Cerdanyola del Valles ez da toki neutroa paredestarrentzat. Isiltasun hunkigarri eta sakon bat gailendu da Mikel eta Anie Paredes (Mikelen alaba) Txiki hil zuten tokira gerturatu direnean. Estu besarkatu dituzte David Fontanals, Adria Guimera eta David Fernandez, eremura gerturatu direnean. Vent de Llibertat-eko kideak dira. Urtero, irailaren 27an, ekitaldi bat egiten dute eremu hartan zer gertatu zen oroitzeko. Fontanalsek memoria kolektibo horri bizirik eustearen garrantzia azpimarratu du: «Frankismoari buruz, ez da dena azaldu, egin zen guztia eta haren asmoa. Memoriaz hizketan ari bagara, galdera hau egiten dugu: zenbat memoria aguantatzeko gai da demokrazia? Eta benetan memoriaz aritu nahi badugu, hitz egin behar dugu Txikiren figuraz. Hori egiten ez bada, gauzak ez dira ondo egingo». Datorren asterako jardunaldiak antolatu dituzte, baita Model kartzelatik Cerdanyola del Valleserainoko oinezko martxa bat ere, fusilamenduak oroitarazteko.

Ministroen kontseiluaren erabakiaren zain zeuden. Eta, behin berrespena etorrita, Model kartzelara joan ziren, Txikirekin azken gaua egitera.

Oranichek jarraitu du azaltzen: «Lege haren arabera, exekuzioa baino lehen, hamabi orduz kartzelako kaperan egoteko aukera eman behar zuten. Azken hamabi orduak harekin egin genituen. Gaurik luzeena izan zen. Zeren luzea egin zen, e? [Paredesi begiratu dio] Azken orduak oso gogorrak izan ziren, baina Txiki xarmagarri egon zen, bera halakoa baitzen. Beti irribarrez».

«Sei boluntariok fusilatu zuten Txiki. Bi daude bizirik, eta pentsatzen dut pentsio publikoetatik biziko direla»

MIKEL PAREDES Txikiren anaia

PAREDES: «Ez zuen ematen gertatu behar zena gertatuko zitzaionik».

ORANICH: «Normal zegoen. Pentsa, militarrak etorri ziren afaria eskaintzera, eta ezetz esan zien, bestela tiroekin jan dena aterako zitzaiola-eta tripatik».

PAREDES: «Bai, bai, hori da. ‘Ez, ez’, esan zien, ‘gero zulatu egin behar nauzue eta’. Funtzionario asko ere zur eta lur zeuden, eta ez zeuden ados egitera zihoazen bidegabekeriarekin, baina garbi zegoen Francok argi zeukala Txiki, Otaegi eta FRAPeko hirurak hil nahi zituela, eta ezin izan genuen ezer egin. Fusilatu egin zituzten».

ORANICH: «Baina ez genuen etsi. Zirrikitu bila genbiltzan denbora guztian. Ezin zen ezer egin, baina dena egiten saiatu ginen».

PAREDES: «Baina, gainera, gauza garrantzitsu bat gertatu zen. Garai hartan mugitzen zen jende guztia antifrankista zen, eta bat egiten zuten denek, nahiz eta talde diferentetan egon denak. Nik gogoan dut irailaren 26ko gauean bertan ere gutunak bidaltzen aritu ginela batera, bestera... ea zerbait lortzen genuen. Azken ordura arte, ea mirari hori lor genezakeen...».

ORANICH: «Aita santuak, aita santuak berak deitu zuen, eskatzeko fusilamendua bertan behera utz zezatela».

PAREDES: «Bai, baina konbentzimendu osoa zuen egingo zutela, eta egin egin zuten».

ORANICH: «Bai, zuk esaten zenuen: ‘Franco lotarako kapela jantzita dago, eta ez du atzera egingo; inork ez du mugiaraziko’».

PAREDES: «Bai, notarioa etorri zen. Hortik jaso nuen gero haren eskalatzeko kaskoa, eta arropa. Hil zenean, Trinitateko emakumezkoen kartzelan zeuden preso politikoek egindako jertse urdin bat zuen jantzia Txikik». 

ORANICH: «Eta pipa bat ere eman zidaten niri, gau hartan erabili zuena. Zegoen bezala jaso nuen. Urteetan egon zen bulegoan, eta behin garbitzaile batek hustu egin zuen; ia akabatu nuen! Errautsak ere bazeuden eta. Eta gero historia museora eraman nuen hori, eta bala batzuk. Zure anaien jaunartzeko argazkia ere itzuli zidan epaileak, eta hor idatzia zuen:

Bihar hiltzen naizenean,
ez otu malkoz hastea;
ez naiz izango lurpean,
ni naiz askapen haizea.

Mikel Paredes Txiki, anaia, preso izan zuten kartzelaren aurrean
Mikel Paredes, Txikiren anaia, preso izan zuten kartzelaren aurrean, Modelen, Bartzelonan. BERRIA

Nazioarteko presioa

Notarioa ere pasatu zen gau hartan kaperatik. Hari azaldu zion azken mezua, Euskal Herriari izenekoa. Hartan, Euskal Herriko errepresio egoera salatu zuen, eta herritarrei eskatu zien segitzeko borrokan. Herrien arteko elkartasuna eta klaserik gabeko gizartea zituen aldarri.

Horiek idazten zituen bitartean, nazioartean sekulako protestak egiten ari ziren. Europako Batasuna —artean bederatzi herrialdez osatua— heriotza zigorren aurka mintzatua zen, baita Nazio Batuen Erakundea ere. Aita santuak berak ere, Paulo VI.ak, Francori eskatu zion eteteko heriotza zigorrak. 

Oranichek gartsu eta atzo balitz bezala kontatzen ditu xehetasunak: «Azken-azken orduan, desesperazioa hain handia zenez, indultua eskatzeko telegrama bat idatzi genion Francori. 26tik 27rako gauean izan zen hori, Modelen geunden, eta esan ziguten irteten baginen ezingo ginela berriz sartu. Azkenerako, gu zaintzeko jarri zuten Coronado kapitaina bera ere konbentzitu genuen. Berak eraman zuen telegrama hura, eta gainera sinatu egin zuen; bat egin zuen gurekin».

Goizean goiz atera zuten Txiki Model kartzelatik, 07:25ean, esku burdinak jarrita. Ez zekiten nora eraman behar zuten fusilatzera, baina autoan atzetik zihoazen Oranich, Palmes eta Mikel anaia. 

Eta bizi doa berriz elkarrizketa pasarte hura gogoratzean. Oranichek eskuak burura eramanez hitz egiten du: «Ez genekien non hilko zuten. Modeletik atera zutenean, gu atzean auto militar batean sartu gintuzten, eta ikusten genuen hilerria, hilerria… Noski, banekien han hilerria zegoela, nire aita han zegoelako, baina pentsatzen nuen: ez dute hilerrian hilko! Eta gero Can Cata ikusi genuen: hura eremu militarra zen, eta horregatik hil zuten han, militarra zelako. Gaur egun ingurumen babesa dauka».

PAREDES: «Gainera, sei boluntariok fusilatu zuten Txiki. Bi daude bizirik, eta pentsatzen dut pentsio publikoetatik biziko direla».

Antonia Manot Magda Oranichekin, balak emateko ekitaldian
Antonia Manot Magda Oranichekin, Txiki hil zuten balak familiari emateko ekitaldian. BERRIA

ORANICH: «Bai, bai, boluntario talde bat zen. Akordatzen zara ile luzeko hartaz? Guri begiratu eta barre egiten zigun, gainera. Hark zerbitzu sekretuetakoa izan behar zuen, besteek ile motz-motza zuten eta. Eta han ere ni emakume bakarra nintzen. Denak miatu zituzten, ni izan ezik. Ez zuten emakumerik horretarako, eta ez ziren ausartu eskua sartzen. Aldiz, gizon guztiak bai, Mikel eta Marc ere bai. Eta ordurako Txiki tripode batera lotua zeukaten!».

PAREDES: «Gu miatu ostean, tiro egin behar zutenen atzean jarri gintuzten, eta Txikik, ni ikusi orduko, irribarre egin zuen. Nik garaipenaren keinua egin nion. Orduan esan zuen: ‘Gora Euskadi askatuta’. Eta Eusko gudariak kantatzen hasi zen. Bigarren ahapaldian erori zen. Sumindu egin nintzen, garrasika hasi nintzen. Abokatuek eutsi zidaten, eta gero itxaron egin behar izan genuen hilerrian hilobiratu arte».

Inguruan jendetza zegoela gogoan du Paredesek. Fusilatu behar zuten eremura iritsi zirenean, hara sartu nahi zuen jendetzaren oihuak entzuten zituzten. «Erregimen frankistaren aurkako oihuak eta 'Gora Txiki' entzuten ziren».

ORANICH: «Mediku militar bat ere bazegoen. Esan omen zioten zerbitzu bat egin behar zuela, baina ez zekien hori zenik, eta jota zegoen. Tiroketen ostean, esan nion: ‘Berori hemen dago, begira beza, mesedez, hilda dagoen edo ez’. Zeren nik uste lurrera erori zela eta oraindik bizirik zela; graziako tiroagatik hil zela. Nik zure amari eman nion bala hura. Ez dakit nolatan, baina dena pasatu zenean hango bala zorroak biltzen hasi nintzen. Urteetan eduki nituen jasota, eta esan nuen amak nahi bazituen hari emango nizkiola. Berriro begira hasi nintzenean, urte askoren ondoren, konturatu nintzen bala bat diferentea zela, iltze baten modukoa, txikiagoa. 30 urtetik gora eduki nituen, jakin gabe graziako tiroa ere hor neukala».

PAREDES: «Guk gorpua eraman nahi genuen etxera, baina ez ziguten utzi urte bat baino gehiago pasatu arte. Pons Llovet familiakoek hilerrian nitxo bat alokatu zuten orduan, Txiki sartzeko. Ezin hobeto portatu ziren».

Txiki hilobiratu zuten tokia, Zarautzera ekartzerako.
Pons Llovet familiak alokatu eta Txiki hilobiratu zuten tokia, Cerdanyola del Valleseko hilerrian, Zarautzera ekartzerako.

ORANICH: «Lur ematerakoan, ehorzleak galdetu egin zigun ea azkenekoz ikusi nahi genuen. Uste dut ez zekiela nori ari zen lur ematen. Guardia zibilak, kaleko jantzitakoak... mordo bat zeuden. Orduan, gizon horrek kaxa ireki zuen, eta Txiki ikusi genuen. Marcek une hartan argazki bat egin ahal izan zuen, eta nik Guardia Zibila etortzen ikusten nuen, baina Marcek karretea pasatu zidan, eta bularraldean sartu nuen. Eta nire bila ere bazetozenez guardia zibilak, kazetari ezagun bati pasatu ahal izan nion karretea, Andreu Clareti, eta gero Jordi Oliverasek errebelatu zuen. Argazki hark munduari bira eman dio. Dena horrela izan zen, ez genekielako kaxa irekiko zutenik ere».

Hileta Bartzelonan

Biharamunean hileta antolatu zuten, Bartzelonan, abokatuen bulegoaren alboan zegoen eliza batean. 

ORANICH: «Hiletaren eguna beldurgarria izan zen. Apaiza Pons Llovet familiakoa zen. Familia horrek asko lagundu zuen zuen ama, Mikel. Pons Llovet familiako seme bat Puig Antichen sumario bateko auzi batengatik zegoen kartzelan. Gurasoak erregimenekoak ziren, baina Txikiren auzi honen berri izan zutenean, bidegabekeria halakoa iruditu zitzaien, lagundu egin nahi izan baitzuten. Zure amari etxean lo egiten uzten zioten, eta gogoan duzu, Mikel? Fusilamenduaren egunean ere etorri egin ziren. Gogoan duzu esan zigutela tiroak ez zituztela eman hiltzeko? Zeren Txikik tiroak ezker-eskuin zituen, urdail aldean eta gero bularretik gora. Baina graziako tiroa eman behar izan zioten hiltzeko».

PAREDES: «Bai, tiroena hala izan zen. Eta elkartasun izugarria eman ziguten. Fusilamenduaren egunean bertan ere, militarrek eta guardia zibilek hartuta zegoen ingurua, baina herritar pila bat gerturatu ziren babesa ematera. Era guztietako banderak, krabelinak... Nik une hartan pentsatu nuen ez genuela ezer lortu, baina jendea oraindik mobilizatuta ikusteak indarra eman zidan. Konturatzen zara ez zaudela bakarrik eta suminduta dagoen jende pilo bat dagoela».

«Sinesten genuen Franco hil eta gero beste gizarte mota bat lortuko genuela. Txiki ere segituan sartu zen borroka horretan, eta herrian integratu zen. Horregatik, eskarmentua eman nahi izan zuten harekin»

MARIJE ZUMETA Fusilamenduen kontrako protestetan ibilitako herritarra

Oranichek segitu du kontatzen: «Hileta guk antolatu genuen. Elizaren kanpoan Kristo Erregearen Gerrillariak zeuden, eta Polizia ere bai, han bildutakoei egurra gupidagabe ematen. Pistolak eta metrailetak atera zituzten, gainera. Ihesi, abokatuen bulegora jo genuen; hura ere txikitu zuten. Apaiza bera ere han zen, jipoiengatik odoletan blai. Nik hor bi gauza egin nituen: lehenik, Abokatuen Elkargoko Zuzendaritzara deitu, eta ia denak etorri ziren, Josep Benet hain ospe oneko abokatua ere bai; eta, gero, guardian zegoen epaitegira korrika joan. Gure bulegotik gertu zegoen, kale berean beherago. Iritsi nintzen, eta esan nuen: ‘Epailearekin hitz egin nahi dut’. Erantzun zidaten: ‘Ez, orain ez, bilera batean dago...‘. Ate guztiak ireki nituen, korrika, epailearena bilatu arte, eta topatu nuenean pentsatu nuen nire artean: ‘Ederra daukazu’. Baina epaileak onartu zuen entzutea, eta orduan azaldu nion: ’Jendea jotzen ari dira, zauritzen ari dira, Kristo Erregearen Gerrillariak daude’. Fiskala sartu zen, eta eskatu nion epaileari berehala hara joateko, bestela metrailetekin norbait hilko zutela. Sartu ginen autoan epailea, fiskala eta hirurok, sirena jarri zioten kapotaren gainean, eta ostiak ematen ari ziren guztiek epailearen autoa ikusi zutenean, dena bukatu zen. Uste dut norbait salbatu genuela. Epailea orduko hartan epaile gisa aritu zen, ausart. Baina jende asko zauritu zuten».

Protestak Zarautzen

Gerra kontseilua egingo ziotela jakin zutenetik, mobilizazioak ugaritu egin ziren Euskal Herri osoan, eta baita Zarautzen ere. Marije Zumetak (Zarautz, 1953) eta Josu Txapartegi Txapas-ek (Zarautz, 1946) ez dute berehala ahaztuko orduko gorputzaldia. «Ikaragarria izan zen», hasi da Zumeta. Inoiz ikusi gabea ere gertatu zen egun haietan Zarautzen, Zumetak oroitu duenez: «Uda amaiera zen, oraindik hondartzan toldoak jarrita zeuden eta. Hondartza alboko paseora jaitsi ginen manifestazioan; jende asko-asko ginen. Eta hara non agertu zen Guardia Zibila aurrez aurre. Jendea ihesi hasi zen, hondartzan uretara sartu zen, eta Guardia Zibila uretara tiroka aritu zen. Kontua baretu zenean, eta jendea uretatik irteten hasi zenean, herrian zehar Guardia Zibila zegoen zain, bustita ikusten zuena kuartelera eramateko. Herriaren erdian, Kale Nagusian zegoen orduan kuartela!». Abuztu amaieran eta irailean mobilizazio ugari eta oso jendetsuak izan ziren fusilamenduen aurka.

MARIJE ZUMETA ETA JOSU TXAPARTEGI
Marije Zumeta eta Josu Txapartegi 'Txapas', Zarauzko malekoian, Txikiren aldeko manifestazioak gogoan. MAIALEN ANDRES / FOKU

Sumin eta samin handia eragin zuen Txikiren aurkako epaiketak eta fusilatzeak, eta Zumetak orduko testuingurua ere azpimarratu du: «Sinesten genuen Franco hil eta gero beste gizarte mota bat lortuko genuela, eta independentzia lortuko genuela. Txiki ere segituan sartu zen borroka horretan. Extremaduratik etorria zen, baina segituan integratu zen herrian. Horregatik, eskarmentua eman nahi izan zuten harekin».

Txapasek berretsi egin du Zumetak esandakoa: «Bai, familia hori asko integratu zen. Eta hori azpimarratu egin behar da».

Irribarre batekin gehitu du Zumetak fusilamenduen ostean herritarrek izan zuten erantzuna: «Gaur egundik begiratuta, niretzat asegarriena da herri honek familia hura nola babestu zuen gogoratzea, nola egin genuen bat haren minean. Hori asko igartzen zen Antonia [Manot] kalean ikusten genuenean ere, zeren semeak hil baino lehenago esatea seme bat galduko zuela baina milaka irabaziko zituela, eta hori egia izan zela ikustea, oso inportantea da».

Egun haiek ez ziren arin joan. 26tik 27rako gauean ere begiak ezin bildu egon ziren herritar asko. Txapas: «Nik daukadan oroitzapena da lorik ezin egin pasatu genuela gaua, ondoezik. Handik hamar urtera, nik ondoez hura igual-igual sentitzen nuen gau hartan. Urte asko pasatu ditut ezinegon moduko batekin irailaren 27a iristean. 50 urte pasatu dira, baina ez dugu ahazten». Hil osteko egunak ere latzak izan ziren. Hiru eguneko greba orokorrera deitu zuten, eta erantzuna ia erabatekoa izan zela dute gogoan. Zumeta: «Herri guztiarentzat izan zen izugarria. Errepresio izugarria zegoen, baina erantzuna oso handia izan zen». 

Txapasen ustez, «esnatze nazional bat» eragin zuen. «Erantzun egin zuen jendeak. Baina garai hura horrelakoa zen. Polizia, errepresioa, gauean etorriko ote diren, ez diren etorriko... kezkatuta bizi ginen». Halere, ez zioten protesta egiteari utzi.

ZUMETA: «Konbentzituta geunden gauzak aldatuko genituela, eta kalea hartzen genuen; dena kalean egiten zen. Eta halako kasu batean, hamar aldiz gehiago».

TXAPAS: «Erresistentzia zen: eutsi, eutsi eta eutsi».

Hileta bat egin zioten herrian ere. Txikiren bi senide gazteenek lore koroa banarekin hasi zuten etxetik elizarako bidea, baina hura ere debekatu zieten. Haizea eta Sustraiak elkarteak Txiki izeneko liburuan jasoa duenez, Antonia Manoti iltzatuta geratu zitzaion zerbait: egun hartan jendetza ikaragarria elkartu bazen ere, denaren gainetik isiltasuna zela nagusi. Adierazi zuen isiltasun sakon hori jendearen oin hotsek baino ez zutela hausten.

Gorpurik ezin izan zuten ekarri Euskal Herrira 1977ko urtarrilaren 13ra arte. Eta harrez geroztik urtero egin dute ekitaldi bat, Txapasek azaldu duenez: «Gorpua ekarri zutenetik, urtero-urtero joan gara ezker abertzalekoak hilerrira kantatzera. Lehen urteetan, Polizia egoten zen kanpoan, eta beldurrez joaten ginen, baina urtero-urtero zerbait egiten genuen».

Zumetak segitu du: «Izan ere, fusilatu egin zuten! Gero jakin genuenean kantuan hil zela... zenbat negar, zenbat negar! Baina lasaitasuna ematen dit ikusteak herriak nola babestu zuen familia».

«Ez zen haustura bat egon. Trantsizio bat egon zen, baina ez zen amaitu erregimen frankista, eta horrela dago gero jende hura dena»

MAGDA ORANICH Txikiren abokatua

Gorpua isilik, diskrezioz, ekarri behar izan zuten. 50 bat lagun baino ez ziren zain egun hartan. Izan ere, egun berean, beste hileta bat zegoen Zarautzen. Juan Manuel Iglesias 15 urteko gaztea Sestaon (Bizkaia) hil zuten poliziek, amnistiaren aldeko protesta batean. Jesus Mari Zabala eta Normi Mentxaka ere hil zituzten protesta haietan.

Behin eta berriz kontatuko dute

Memoria ariketa hori egitea inportantetzat jotzen dute hala Zumetak nola Txapasek. Horregatik antolatu dute, beste hainbat sortzailerekin batera, oroimenerako herri antzerki ibiltari bat hilaren 28rako, orduko gertaerak ahaztu ez daitezen.

Bartzelonatik, Oranichek ere, aukera duen aldiro kontatzen du: «Txikiri agindu nion kontatuko nuela. Berak esan zidan dena kontatzeko. Eta aukera dudan aldiro kontatzen dut dena. Eusko gudariak kantatzen hil zen. Ikaragarria izan zen, balaz josita erortzen hasita zegoela ere Eusko gudariak kantatzen segitzen baitzuen. Ni konbentzituta nengoen gertakari historiko bat zela hura. Uste dut estali nahi duten memoria historikoan honek denak egon behar duela. Gogoratu egin behar da, berriz gerta ez dadin. Konstituzioa egin zenean, huts asko izan zituen, baina heriotza zigorra abolitu zen, eta bere huts guztiekin, baina Europako Batasunean ez dago herrialde bat ere heriotza zigorra daukanik, eta heriotza zigorra izanez gero, ezin da Europako Batasunean egon. Eta hemen gutxigatik ezin izan genuen halako desastre bat eragotzi. Eta, Mikel, guretzat oso gogorra izan zen, baina zuretzat ez dut pentsatu ere egin nahi. Txikik asko estimatzen zintuen: beti ari zen Mikel gora eta behera».

PAREDES: «Gogorra izan zen, oso. Baina gertaera hark sortu zuen mugimendu izugarriak pentsarazi zigun garai historiko bat bizitzen ari ginela».

ORANICH: «Uste dut horregatik etorri zela gero segituan heriotza zigorra abolitzea. Ezin ditugu gertatu ziren izugarrikeria horiek ahaztu, eta kontatu egin behar ditugu. Zeren Puig Antichen heriotza zigorra eskatu zuen abokatuak —juridiko-militarrekoa zen orduan, baina gero abokatuen elkargoan segitu zuen lanean— defentsa lanetan jardun baitu ezer pasatu ez balitz bezala. Gainera, elkarrizketa batean esan zuen orduko hartan egindako hura berriz egingo zukeela. Ez zen haustura bat egon, eta hori eskatzen zuen oposizio demokratikoak. Trantsizio bat egon zen, eta bere alde onak izango zituen agian, baina ez zen amaitu erregimen frankista, eta horrela dago gero jende hura dena».

Anie Paredesek, Mikel Paredesen alabak, aitarekin batera egin du Bartzelona eta Cerdanyola del Valleserako bidaia, eta etxetik jasotako memoriari heldu dio: «Haren irudia beti mantendu da bizirik etxean», azaldu du: «Hau, azkenean, Euskal Herriaren historiaren parte bat da, eta jende gazteak ez dauka honen berri; nik uste dut inportantea dela transmisio hori egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.