BERRIAk eta beste hedabide batzuek Korrikaren amaierako saioa emango dute igande goizean

Ilaski Serranok eta Ekhiñe Atorrasagastik Bilboko udaletxearen aurrean aurkeztuko dute zuzeneko saio berezia, 11:00etatik 13:00etara.

24. Korrika, Getxon (Bizkaia), atzo. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
24. Korrika, Getxon (Bizkaia), atzo. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
urtzi urkizu
2026ko martxoaren 27a
12:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atharratzen (Zuberoa) 24. Korrikaren hasieran egin zuten moduan, euskarazko hainbat komunikabidek telebista saio bateratua egingo dute igandean Bilbon, Korrikaren amaieran. Telebista set bat jarriko dute udaletxearen aurrean, eta handik zuzenean ariko dira. Aurkezle lanetan Ilaski Serrano eta Ekhiñe Atorrasagasti ariko dira. 11:00etan hasi eta 13:00etan amaituko da emankizun berezi hori. BERRIAren webgunean zuzenean ikusi ahalko da saioa, baita ETB1 katean, ETB On plataforman, Hamaika telebistan, Guka-n eta euskarazko hainbat tokiko katetan ere.

Kalean, Korrikaren zaleen artean, berriemaile lanetan ariko dira BERRIAko Garazi Karrera, Goierri/28 kanaleko Oinatz Martinez eta Guka hedabideko Andoni Elduaien.

Askotariko elkarrizketak egingo dituzte emanaldi osoan. Besteak beste, hauek elkarrizketatuko dituzte: Eneko Axpe zientzialaria, Nerea Mazo eta Kepa Errasti aktoreak, Onintza Enbeita bertsolari eta BERRIAko zutabegilea, Agus Barandiaran Korrontzi taldeko musikaria, Lorea Ibañez Parisko Korrikaren antolatzailea, Yogurinha Borova artista, Mikel Markez musikaria, Aitor Bedia Añube taldeko abeslaria, Xabin Fernandez eta Maria Blanco Punpairez irratsaioko (Naiz irratia) gidariak, Ane Elordi Korrikaren koordinatzailea eta Ane Aresti Korrikaren furgoneta gidaria.

Korrikaren amaierako ekitaldia zuzenean ikusi ahalko da telebistaz eta Internet bidez. Orduan jakingo du Euskal Herriak nor den 24. Korrikaren mezuaren egilea, eta zuzenean ikusiko da hark nola irakurtzen duen mezua. Horren ondoren, Atorrasagastik eta Serranok elkarrizketa labur bat egingo diote mezuaren egileari, euskarazko hedabideen saio bateratuan.

Irratsaio berezia

Bilbon, Korrikaren amaieran, zenbait irratik ere saio bateratua egingo dute. Naiz irratia, Bizkaia Irratia, Bilbo Hiria Irratia eta 97 Irratia elkarrekin ariko dira igande goizean, uhinen bidez azkeneko kilometroen berri emateko. 08:00etan abiatuko dute irratsaioa, eta 13:30 arte ariko dira zuzenean kontakizuna egiten. Gonbidatuen artean izango dituzte Libe Estebaranz, Josu Iriarte eta Maider Mulone antzerkigileak, Euskararen Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel, Taupa mugimenduko Irati Iziar eta Goiatz Urkijo, Mikel Ayllon idazlea, Errigorako ordezkariak eta hainbat talde euskaltzaletako kideak. Irratsaioko esatari lanetan Oinatz Aizpuru, Gontzal Galan eta Ane Zabala ariko dira. Saioa amaitzeko, mezuaren egilearekin eta AEK-ko ordezkariekin hitz egingo dute.

Hamaika telebistak, bestetik, egunotan zuzeneko saio bereziak egin ditu hiriburuetan, Korrika bertatik pasatu den egunetan. Katearen webgunean zein Youtuben ikus daitezke. Gaur gauean Gasteizen egingo dute, Korrika bertara iritsiko dela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!