BERRIAk eta Hamaikak luze eta zabal emango dute azokaren berri

Euskarazko egunkariak askotariko artikuluak eta bideoak egingo ditu Durangon. Ahotsenea guneko kontzertuak Hamaikan ikusi ahalko dira, baita BERRIAren webgunean ere. Erakusmahaia izango dute hala BERRIAk nola Hamaikak.

BERRIAren erakusmahaia, iaz, Durangoko Landakon. GORKA RUBIO / FOKU
BERRIAren erakusmahaia, iaz, Durangoko Landakon. GORKA RUBIO / FOKU
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur hasi eta datorren astelehenera arte, DA! kulturaren jaia ospatuko dute Durangon (Bizkaia). Edo, lehen bezala esanda, Durangoko Azoka egingo dute abenduko lau egunez. Euskarazko hainbat komunikabidek arretaz erreparatuko diote bertan gertatzen denari. BERRIAk, kasurako, luze eta zabal emango du kultur jaialdiaren berri paperean, webean eta sare sozialetan. Ahotseneko kontzertuak zuzenean ikusi ahalko dira Berria.eus webgunean.

BERRIAren Kultura saileko orrialdeetan kronikak, artikuluak, elkarrizketak eta iritzi zutabeak argitaratuko dituzte —webean ere irakurri ahalko dira—. Ikus-entzunezkoen taldea ere Durangon ariko da: sortzaileei elkarrizketa laburrak egingo dizkiete, test modukoak; halaber, egunaren laburpena egingo dute formatu bertikaleko bideoetan. Azokaren laburpen landuago bat ere egingo dute azken egunean, formatu horizontalean. Bihar, 11:00etan, Berriketan podcastaren bi atalen aurkezpen berezia egingo du Iker Tubiak Berbagailua aretoan (Madalenako Ermitan): astelehenean eta asteartean jarriko dituzte atal horiek entzungai.

Ohiko moduan, Landakon bere erakusmahaia izango du BERRIAk: Barrenkaleko 29. eta 30.ean. Han salgai izango dira egunkariaren 2026ko agendak eta egutegiak —Maite Gurrutxagaren irudiarekin—, baita Garbiñe Ubedak idatzitako Martxelo Otamendi. Handira jotzeko kazetaritza liburua ere —Aleka bildumakoa—. Bihar bertan, 13:00etan, Ubedak eta Otamendik liburua aurkeztuko dute azokako areto nagusian. Aralarko Ttantta misterio jokoa ere bertan eskuratzeko modua izango da, erakusmahaian —14 urtetik gorakoei zuzendua dago—, eta baita Misterio Kasu Laburrak misterio jokoa ere —6 eta 12 urte artekoentzat—.

Hamaika telebistak aurreneko aldiz erakusmahaia izango du azokan. Hara doazenek aukera izango dute Hamaikari buruzko informazioa eskuratzeko, kontsultak egiteko eta Hamaika fundazioari ekarpenak egiteko. Barrenkaleko 27.ean egongo da erakusmahaia.

Hamaikako berriemaileek, urtero bezala, musikariak, idazleak eta sortzaileak elkarrizketatuko dituzte. Gainera, Madalenako Ermitako Berbagailu gunean, autoekoizpenari buruzko solasaldi bat gidatuko du Koldo Otamendik. Etzi izango da hori, 13:00etan, eta solasaldian Aiora Renteriak, Ekaitz Etxezarretak eta Uxue Estradak parte hartuko dute. Hamaikaren webgunean ikusi ahalko da datozen egunetan.

Durangoko Azokaren programazio bereziaren barnean, Hamaikak Ahotsenea guneko kontzertuak emango ditu egunero zuzenean. 22:00etan, Azoka TB saioa emango dute. Eta 22:30etik aurrera, eguneko kontzertuak ikusi ahalko dira berriro.

EITBk emanaldi bereziak egingo ditu

EITBko hedabideek emankizun ugari egingo dituzte Durangon: gaur bertan, Euskadi Irratiko Kultur leihoa eta ETB1eko Biba zuek! magazina azokatik egingo dituzte zuzenean. Gazteak ere saio berezia egingo du gaur, 17:00etan hasi eta 20:00ak bitarte; Alain Perezek, Maite Garmendiak eta Liher Larrañagak azokako lehen egunaren berri emango dute. Etzi goizean, Euskadi Irratiko Amarauna ere Durangon egingo dute.

Irudienea eremuan, ETBk bi telesail aurkeztuko ditu: bihar, Piztiak fikziozko telesail berria; eta astelehenean, Irabazi arte telesailaren bosgarren denboraldia. Gainera, toki berean Eden soinu fikzioaren hirugarren denboraldia aurkeztuko dute gaur.

Berbagailua gune berrian, EITBren BaDadabil eta Benetan Zabiz? bideopodcasten zuzeneko emankizunak egingo dituzte bihar.

Guau audio plataformak erakusmahai bat jarriko du Landakon. Handik kanpo, baina ez oso urrun, EITBk gune berezi bat izango du, eta bertan askotariko ekitaldiak izango dituzte: Jonkass DJaren emanaldia gaur bertan, Potx eta Lotx pailazoen ikuskizuna bihar, eta Irabazi arte eta argazki saioak Go!azen telesailetako aktoreekin bihar, etzi eta astelehenean.

Ahotseneko kontzertu guztiak streaming bidez emango dituzte Gaztearen webgunean eta Youtubeko kanalean, eta azokaren gaurko irekiera ekitaldia EITBren webgunean emango dute zuzenean.

Arrosa irrati sareko Zebrabidea saioa, bestalde, Landakon bertan egingo dute gaur eta astelehenean, 16:00etatik 18:00etara. Gaurko emankizunean Iparraldeko Euskal Irratietako esatariek ere parte hartuko dute. Eta astelehenekoan, Naiz irratiko batzuk batuko zaizkie.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.